Durangoko Udalak Gurutzi Arregi etnografoa alaba adoptibo izendatzeko prozedura hasi du

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 29a, 10:11

Argazkia: Gerediaga elkartea.

Durangoko hamar bat lagunek udalari eskatu diote Arregi alaba adoptibo izendatzea. Udalbatzak aho batez onartu du izendapen-prozesua martxan ipintzeko erabakia. 

Durangoko Udalak Gurutzi Arregi etnografoa herriko alaba adoptibo izendatzeko prozedura hasi du. Durangoko hamar bat lagunek, tartean, Lepoldo Zugazak, udalari eskatu diote Arregi alaba adoptibo izendatzea. Udalbatza osatzen duten zinegotzi guztiek aho batez erabaki zuten atzo, izendatze-prozesuari hasiera ematea. Behin-betiko izendapena, baina, aurrerago egingo da, horretarako, ezinbestekoa baita osoko bilkura monografiko bat egitea. Ima Garrastatxu alkateak atzoko osoko bilkuran aurreratu zuenez, azaroaren 12an egingo dute bilkura monografiko hori, egun hartan jaio baitzen Arregi, Lemoan.

Kulturaren ekintzailea

Gurutzi Arregi Azpeitia 1936an jaio zen Lemoan. Hala ere, txikitan Durangora bizitzera etorri zen. Politika eta Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Atlas Etnografikoan lan handia egin zuen Arregik, baita euskal kulturaren alde ere. Frankismo osteko lehen udalbatzan zinegotzia izan zen Durangon. Gerediagako idazkaria ere izan zen elkartearen lehen urteetan. Kurutziaga ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen. Maiatzean hil zen, 84 urtegaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!