'Durango Movember' maskaren bidez, mugimendua bistaratzeko alternatiba abiatu du DRTk

Joseba Derteano 2020ko urr. 27a, 11:57

Maskarek bibotea estaliko dutenez, mugimendua beste modura batera bistaratzera deitu du DRTk: 'Durango Movember' dioten maskarak erosi eta janztea.

Movember mundu osoan egiten den ekimena da azaroan heltzen denean. Prostata eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientziazioan sakontzea du helburu eta gaia gizarteratu eta bistaratzeko modua hilabete horretan bibotea uztea da. Durango Rugby Taldeak urtero sustatzen du kanpaina eta aurten ez da salbuespena izango, osasun krisiaren ondorioz ekimena moldatu behar izan duten arren. Aurten bibotea uzteak ez du gaia gizarteratzeko balio, maskarek estaltzen dutelako. Baina imaginazioa erabiliz, alternatiba bat jarri dute martxan. Movember-en logoa bibote bat denez, maskarak atera dituzte irudi horrekin eta 'Durango Movember' mezuarekin. Maskarek egungo arautegia betetzen dute eta honako establezimenduetan eskuratu daitezke: Rugby Taberna, Saltsan, Mesoi Barria, Izarbide eta Txanto. 10 eurotan salduko dituzte.

Dirua batzeko

Maskarek funtzio bikoitza dute: gaia bistaratzea eta dirua lortzea. Normalean, DRTk itsulapikoak jartzen ditu hainbat tabernatan herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten. Horren gainera, kanpainaren amaierako jai bat antolatzen dute Rugby Tabernan. Ekimen batean zein bestean batutako dirua Movember mugimenduari ematen diote. Baina, aurten, osasun-krisiak eraginda, dirua batzeko bide biak bertan behera utzi dituzte. Horrela, maskaren salmentaren bidez batutakoa izango da aurten DRTk mugimenduari egingo dion ekarpena. Horregatik, herritarrei maskarak erosteko eta kalean erabiltzeko deia egin diete.

Urtero legez, donazioak internet bidez egiteko aukera ere eskainiko dute. Movember mugimenduaren webgunean, Durango Rugby Taldeak sortuta duen taldera sartuta behar da horretarako. Dirua batzeko bide guztiak kontuan hartuta, iaz 2.304 euro batu zituzten.

2003an sortu zen mugimendua

2003an Australian sortu zenetik, mundu osora hedatu den mugimendua da Movember, eta izen bereko fundazioak gidatzen du.  Sortu zenetik hona milioi bat lagun baino gehiagok egin du bat mugimenduarekin eta 719 miloi euro inguru batu dituzte osasun arloko 1.250 programatara bideratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!