Ikarass talde durangarrak doinu astun, ilun eta gordinez beteriko diskoa ondu du bere estraineko lanean

Aritz Maldonado 2020ko urr. 26a, 09:00
Argazkia: Eneko Baseta

Ikarass boskoteak kontzertua eskainiko du barikuan, urriak 30, Gernikako Iparragirre aretoan; martxoan osasun alerta ezarri zenetik, lehenengo emanaldia izango dute.

Ikarass taldearen Relapse into desolation diskoak ez du erditze erraza izan. 2018ko urrian hasi zuen boskoteak lehenengo diskoaren grabazioa, baina biniloen ale fisikoak ez dira 2020ko udazkenera arte heldu. Hala ere, taldekideak pozik daude denbora honetan egin duten bideagaz. "Oso zorrotzak izan gara prozesu guztiagaz, musikagaz zein diseinuagaz, eta lan borobila geratu zaigula uste dugu", azaldu du Matio Baños gitarrista durangarrak. Bost abestitan ia 50 minutuko bidaia ilun eta gordina proposatzen du Ikarassek Relapse into desolationen. "Abestiek ez dute ohiko egitura, eta horrek ahalegin bat eskatu diezaioke entzuleari. Diskoaz gozatzeko modurik egokiena hasi eta amaitu entzutea dela uste dugu; horretarako prestatu dugu guk", azaldu du Unai Baseta baxu-jotzaileak.

Institutu sasoian hasi ziren Baños eta Hodei G. Mendiguren galdakoztarra lehenengo ideiak sortzen eta elkartrukatzen, eta gerora batu ziren taldera Imanol M. Aginako (ahotsa) eta Baseta durangarrak. Grabazioan Jon Estankona bateria-jotzaileak ere parte hartu zuen, baina Imanol Bilbao zornotzarrak astintzen ditu partxeak gaur egun. "Ikarass musikazale lez ere jarraitzen nuen, eta bertan jotzea itzela da", azaldu du Bilbaok.

Xanperen aukeraketa
Taldea osatuta, 2017ko abenduan Urretxuko (Gipuzkoa) Hezurre Fest jaialdian eskainitako kontzertua mugarritzat du taldeak. "Proposamen hura momentu hartan behar genuen bultzada izan zen". Harrezkero, hainbat bider igo dute taula gainera. Besteak beste, Elorrioko gaztetxean Cobra taldeagaz jo zuten. Han ezagutu zuten Koba estudioetako Xanpe [Jose Manuel Sampedro. Cobrako teknikaria izateaz gainera, Pi L T talde entzutetsuko bateria-jotzailea ere izan zen], eta bere estudioan grabatzea adostu zuten. "Gustuko ditu gurearen moduko doinu astunak, eta aurretik horrelako grabaziorik egin bakoa zenez, oso motibatuta zegoen", azaldu dute taldekideek. Grabazioa eta editatze faseak probetxuzkoak izan zirela nabarmendu dute eta prozesuan ikasitakoaren garrantzia azpimarratu gura izan dute. "Konposaketak ez ezik, soinuari ere arreta berezia eskaini diogu. Afinazio baxuak eta soinu grabeak erabiltzen ditugu eta ez da erraza ezaugarri horiek dituen soinu indartsu eta garbi bat lortzea", gaineratu dute. Neurosis, Isis, Cult of luna eta Amenra aipatu dituzte inspirazio talde modura, eta hurbilago etorrita, Lisabö eta Dut taldeak azpimarratu dituzte. Anestesia talde zarauztarrari ere keinu egiten diote abesti batean, "omenaldi txiki modura".

Lorturiko emaitzagaz ez ezik, diskoa izaten ari den harreragaz ere pozik daude musikariak. Izan ere, hamabost herrialdetatik jaso dituzte diskoak bidaltzeko eskariak. "Jaso ditugun eskarien erdiak baino gehiago atzerritik heldu zaizkigu, eta horrek ilusio berezia sortzen du gugan. Kontuan hartu behar da, gainera, prozesua hasi eta amaitu, guk geuk egin dugula dena".

Berriro oholtzara
Ikarassek martxoan eskaini zuen bere azkeneko zuzenekoa, osasun larrialdi egoera ezarri bezperetan. Ordutik hona oholtzara igo barik egon eta gero, boskotea gogotsu dago. "Musika talderik gehienen moduan, oso gatx ikusten genuen 2021a orduko oholtza gainera bueltatzea, eta, beraz, ezinezkoa da gogotsu ez egotea", esan du Unai Basetak. Gernikako Iparragirre aretoan jotzea ere berezia da eurentzat. "Iparragirre erreferente bat da guretzat, eta horrek politagoa egiten du sasoi arraro honetan kontzertu bat eskaintzeko aukera edukitzea", gaineratu du Basetak. Aretoak eta gaztetxeak bereziki gustuko ditu taldeak. "Uste dugu bertan errazago transmitituko dugula geure mezua", dio Baños gitarristak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!