Megafoniadun auto batek Durangoko kaleak zeharkatuko ditu baheketan parte hartzera dei egiteko

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 22a, 14:28

Durangoko Udalak neurriak zorroztu ditu koronabirusari aurre egiteko: domusantu egunean jende pilaketak ekiditeko protokoloa diseinatu du, desinfektatzeak egiten jarraituko du eta baheketan parte hartzera deituko ditu herritarrak, megafonia bidez.

Koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Durangoko Udalak. Kaleak, autobus geltokiak, umeen jolasguneak eta osasun zentroak deseinfektatzeko lanekin jarraituko dute, eta Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren patruilatzeak areagotuko direla aurreratu du. Baheketaren parte hartzea handitze aldera, herritarrak animatuko dituzte megafonia eta bando bidez. Megafoniadun auto batek Durangoko kaleak zeharkatuko ditu herritarrak baheketan parte hartzera deitzeko.

"Udal batek ezin ditu Eusko Jaurlaritzari dagozkion erabakiak hartu, hala nola, edukiera edo ordutegien araberakoak, baina bai durangarrei zaintza mantentzen lagun diezaieketen beste neurri batzuk har ditzakegula. Zentzu horretan, oso garrantzitsua ikusten genuen oposizioa neurriak adosteko bilera batera gonbidatzea", azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Bestalde, udal arduradunak anbulatorioetako arduradunekin eta ikastetxeekin harremanetan ipiniko dira eraikinetako sarrera-irteeretan jende pilaketak saihesten saiatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!