“Eskatu dizkidate lore exotikoak, landare karniboroak, esaterako”

Aitziber Basauri 2020ko urr. 18a, 10:00

Bizimodua aldatzea erabaki zuen  Jabi Beskoetxeak (Durango, 1971) duela bost urte. Lantokia utzi eta lorak eta landareak hazi eta saltzen hasi zen. Egindako apostuagaz pozik dagoen arren, gogoan du hasiera ez zela erraza izan. COVID-19ak gogor kolpatu du negozioa orain, eta udaberrian du itxaropena jarrita. Hala ere, zalantza egoera oso handia bizi duela dio. Orain, neguko lorak ditu: ziklamenak, pentsamenduak, zuhaixkak...

Udazkenean sartuta, udaberrirako prestatzen hasten zarete lorezainak. Hori bai, COVID-19ak baldintzatuta.
Guztiz baldintzatuta. Egoera ez da batere samurra, eta martxorako normaltzen ez bada, urte beltza datorkigu. Aurten, udaberri sasoiari ekiteko dena prest genuela etorri zen COVID-19a, martxoan, eta orduantxe amaitu zen urtea guretzat. Domu Santu Eguna dator orain. Sasoi ona izaten da saltzeko, Amaren Egunean lez. Hala ere, ea zelan doan dena. Osagarri moduan, baserri eta txaletetan lorategiak konpontzen edo sortzen ere lan egiten hasi naiz. Balkoietan ere bai.

Plazarik plaza ibiltzen zara loreak saltzen. Erosiko dugun loreak gure izaeraren arrastorik ematen du? 
Loreak zein pertsona motak erosten dituen jakin genezake: izan liteke huts egitea, baina norbait hurbiltzen denean lorerik erosiko duen ala ez jakin daiteke. Zein lore erosiko duen ere bai. Dena dela, pisu bateko balkoi batean ezingo dugu, adibidez, bugainbilea edo zuhaixka handi bat ipini. Horrek ere badu eragina.

Zein da lorerik arrakastatsuena? 
Udaberrian, 2.000 geranio eduki genitzake negutegian, eta ia guztiak salduko dira plazan. Oso ondo saltzen da. Baina negutegira bertara datorrena berezia edo desberdina den lore edo landare baten bila dator normalean. Zenbat eta bereziagoak izan, orduan eta gurago jendeak, eta ez zaie ardura zenbat ordaindu. Kaktusak, adibidez. Kaktus sorta on eta oso polita ipini gura nuen aurten, baina ezin izan dut. Horrek inbertsio bat eskatzen du eta ezinezkoa egin zait.

Eskatzen dizute lore exotikorik? 
Bai, landare karniboroak, esaterako. Baina etxean iraungo dieten denbora eta balio dutena entzundakoan, ez dute gura izaten. Landare exotikoak, gura klimara ohituta ez daudenak, garestiak dira, kondizio zehatz batzuetan hazi behar direlako. Eta euren klimatik aterata hil egiten dira.

Baduzu gogoan enkargu berezirik? 
Domu Santu Egunerako eskatutako bat: kolore gorriz eta horiz egindako lore-zentroa. Bezero batzuek eskatutako kolore konbinazioak egin zaizkit deigarri, batez ere.

Baduzu lore jangarririk? Geroago eta gehiago zabaldu da balkoietan baratze txikiak sortzeko ohitura.
Lore jangarri gutxi daude: perrexila, menda, oreganoa, erromeroa... Belar jangarriak gehiago dira. Ondo saltzen dira, baina bizpahiru landaregaz nahikoa da. Balkoi batean loreak ipini gura badituzu, gehiago behar dira, 20-30 landare behintzat. Egia da etxean baratze txikiak sortzeko ohitura zabaldu dela, eta sasoia bada izaten dugu tomate landararen bat saltzeko. Baina oso gutxi. Aurten, gutxiago.

Emango dizkiguzu hiru gomendio loreak polito mantentzeko?
Eguzkitarako lorea bada, eguzkitan ipintzea; eta itzaletarako bada, itzaletan. Loreek lehorte apur bat pasatzea ere oso ona da, hezetasuna mantendu behar den arren. Eta, azkenik, ongarria ematea. Loreak lurrak dituen nutriente guztiak jaten ditu bizpahiru hiletan, eta ongarririk eman ezean gosez hilko dira.

Zein da gehien gustatzen zaizuna?
Sasoian sasoikoa ipintzea da onena. Eta lekua izanez gero, konposizioak egitea da nire gomendioa. Oso polito geratzen dira, beti dira deigarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!