Durangoko ez-jaien lehenengo asteburuan "normaltasuna" nagusitu da eta bigarrenean ere "arduraz" jokatzeko eskatu du udalak

Joseba Derteano 2020ko urr. 15a, 12:49
Julian Rios Durangoko alkateordea eta Ima Garrastatxu alkatea gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

Udaleko gobernu taldeak Durangoko ez-jaien lehenengo asteburuko balorazioa egin du. Orokorrean, "normaltasuna" nagusitu zela azpimarratu du Ima Garrastatxu alkateak eta herritarrei, ostalariei zein bestelako eragileei "erantzukizunez" jokatu izana eta "lankidetzarako" erakutsi duten borondatea "eskertu" die. 

Hala ere, oraindino beste asteburu bat geratzen dela gogoratu eta "erantzukizunez" jokatzera deitu du. "Seguru gaude durangarrek arduraz jokatuko dutela, baina gogoratu gura dugu osasuna dela lehentasuna", azaldu du Garrastatxuk. 

Zapatuan iluntzean sarbide batzuk itxita

Ez-jaiek irauten duten bitartean, segurtasun protokolo bat dago indarrean. Zapatu iluntzean, 21:30 inguruan, protokolo hori partzialki aktibatu eta Durangorako sarbide batzuk itxi zituzten, jende mugimendua nabaritu zutelako. Arrisku posibleak saihesteko neurria izan zen, udal arduradunen esanetan. "Gurago izan genuen zuhurtziaz jokatu", adierazi du Garrastatxuk. Durangora zetozenak sarrera konkretu batzuetatik bideratzeak herrira etorritako jende kopuruaren kontrola eramatea errazten duela azpimarratu du. Julian Rios alkateordeak gaineratu du badakitela horrelako neurriek "eragozpenak" sortu ditzaketena herritarrengan, baina beste ezeren gainetik "osasuna" lehenesten dutela. 

Kale-zurruta ekiditeko neurria

Barikuan kale-zurruta egiteko ahaleginak egon ziren San Ana eta Andra Mariko aterpeetan, eta, hori ekiditeko, sistema berri bat erabili zuten: gune horietako zorua urez busti zuten, bertan jesartzeko aukera saihesteko. Orokorrean, herrian kale-zurruterako aproposak izan daitezkeen beste hainbat gune ureztatu dituzte asteburuan. Sistema horren balorazio "oso positiboa" egin du Riosek eta etorkizunera begira ere erreminta erabilgarria dela deritzo.

Lankidetza

Ertzaintza eta udaltzaingoa koordinatuta aritu dira lanean. Udaltzaingoa, batez ere, herrigunea zaintzen zentratu zen eta, besteak beste, tabernen ixteko ordua zaindu zuen. Herritar batzuekin "informazio lana" ere egin zuten, segurtasun arauren bat hausten egon zitekezkeela uste zutenean, Riosen arabera. 

Tabernak itxi eta gero, gazteen lokal bateko dozena bat lagun identifikatu zituen udaltzaingoak, ezarritako itxiera ordua ez errespetatzeagaitik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!