Plataformak azaldu duenez, "atzean geratu dira trabak, sinadurak galtzea, dekretukada, eraginkorrak ez diren batzordeak, informazio falta...". Herritarrak parte-hartzera animatu dituzte. "Inplikatzeko ordua da, eta, horregatik, herritarrak animatzen ditugu ekimenetan eta egingo den informazio-kanpainan aktiboki parte hartzera, proiektuari eta haren ondorioei buruzko zalantzak argitzeko eta aukera bat edo bestea bozkatzerakoan kontuan hartu beharreko aspektuak mahai gainean jartzeko", diote plataformako kideek prentsa oharrean.
Osoko bilkurako eztabaida
Herri galdeketaren araudia gaurko osoko bilkuran onartu dute EAJren, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoekin. PSE-EE abstenitu egin da, galdeketa bere egin arren, araudiko puntu batzuekin konforme ez dagoela eta. Bakoitzak honako ideiekin babestu du bere botoa:
- Sara Oceja (EAJ): "Bere garaian galdeketaren alde egin genuen eta hala egiten dugu orain ere. Daukan hedapenagatik eta daukan kokapenagatik proiektu urbanistiko berdingabea da. Interes oso handikoa Durangorentzat. Galdeketa berme guztiekin egin dadin eskatzen dugu".
- Aritz Bravo (EH Bildu): "Galdeketa ez da loteslea juridikoki, baina bai politikoki. Gobernu taldearentzat loteslea izango da, baietzak zein ezetzak irten. Erabaki plataformaren mandatua hori da".
- Mikel Uriguena (Herriaren Eskubidea): "Galdeketaren joko-arauak onartuko ditugu gaur, PERI ferrocarrili buruzko kontsulta berme guztiekin egiteko. Ez da alderdikerietarako unea. Herritarrek bozkatzeko momentua da. Hori da garrantzitsuena."
- Jesica Ruiz (PSE-EE): "Galdeketa ez da loteslea eta araudiak ez du zehazten herritarren parte-hartzeari lotutako kopururik. Ez da gauza bera 600 lagunek ala 6.000k bozkatzea. Araudiaren puntu batzuekin ez gatoz bat eta abstenitu egingo gara"
Galdeketaren ezaugarriak
Udal ordezkariek galdeketa noiz, non eta nola egingo den argitu dute gaur. Hauek izango dira ezaugarri nagusiak:
- Data: martxoaren 14a
- Tokia: bozkatzeko leku bakarra egongo da: Landako Gunea.
- Ordua: Ohiko hauteskundeek izan ohi duten ordutegi berdintsua. Goizeko 9:00etatik 20:00etara bozkatu ahalko da
- Posta bidezko botorik eman ahalko da? Ez.
- Nork eman dezake botoa? Durangon erroldatuta egon eta 18 urte beteak dituzten herritarrek.