Arazo handirik barik joan dira Durangoko ez-jaietako lehenengo bi gauak

Anboto 2020ko urr. 11a, 13:58

Udaleko ordezkarien esanetan, “ondo” joan dira ez-jaietako lehenengo bi gauak, “gertakari berezirik barik” eta abisurik “apenas” jasota. Kale-zurruta ekiditeko neurriak areagotu ditu bart Durangoko Udalak.

Aritz Bravo zinegotziaren esanetan, “ez da intzidentzia berezirik egon” lehenengo asteburu honetan. “Apenas egon da abisurik”. Lehendabiziko asteburua “ondo” joan dela baieztatu du, “arazorik barik”. 

Durangoko Udala zapatuan (atzo) gertatu zitekeenagaz zegoen bereziki arduratuta. Bart gauean gertatu zitekeenagaz batez ere. Horregatik, kale-zurrutari (botiloiari) aurre egiteko neurriak areagotu ditu bart. Garbiketa lanak indartu zituen normalean kale-zurrutaren biltoki izan ohi diren etxepeetan. Santa Anan eta Murueta Torre inguruan, esate baterako. Baldeo sistema erabili zuten. Hau da: ura eta garbiketa produktuak bota zituzten hainbat tokitan, batetik, bertan bilduta egon zitezkeen edaleak altxarazteko, eta, bestetik, bertan biltzekoak zirenak ezin jesartzeko. 

Data hauetan San Fausto jaiak ospatzen dituzte durangarrek, nahiz eta aurten halakorik ez dagoen. Udalak protokolo bat diseinatu du osasun egoera dela eta jende-pilaketak saihesteko. Ertzaintzagaz eta udaltzaingoagaz batera koordinatu da arauak betearazteko. Ez-jaiek segida dute astelehenean eta martitzenean. Baita hurrengo asteburuan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!