Moriako errefuxiatuentzako janari-bilketa arrakastatsua egin dute Durangon

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 10a, 17:47

Janari-bilketan egon diren kideak "oso pozik" agertu dira jasotakoagaz. Durangarrek modu eskuzabalean erantzun diote deialdiari.

Moriako errefuxiatuentzako janari-bilketa egin dute egunotan Durangoko Andra Marin. Ongi etorri errefuxiatuak plataformak egin du deialdia eta beste hainbat elkartek zein norbanakok ere bat egin dute bilketagaz. Herenegun ekin zioten bilketari eta gaur eguerdira arte egon dira lanean. "Oso pozik gaude. Ez ditugu zenbakiak atera oraindik, baina ekarpen asko jaso ditugu. Herritarrek oso eskuzabal jokatu dute. Janariaz gainera dirua ere batu dugu, 1.000 bat euro. Oso eskerroneko gaude durangarrekin eta inguruko herrietatik etorri direnekin", azaldu du janari-bilketan parte hartu duen kide batek. "Ibaizabal ikastolak ere janari-bilketa egingo du hurrengo astean. Haren bilketa gaur egindakoari gehituko zaio, eta orduan ipiniko dira jatekoak Moriarako bidean".  Zaporeak proiektura bideratuko dituzte batutako ekarpen guztiak.

Moriako errefuxiatuen kanpalekua Grezian dago. Irailaren hasieran sute handi bat egon zen han eta ezer barik utzi zituen jada aldez aurretik egoera larrian bizi ziren 13.000 bat lagun. Europan dagoen errefuxiatu-zelairik handienetakoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!