“Durango itxiko dugu osasun publikoa arriskuan dagoela ikusten badugu”

Anboto 2020ko urr. 7a, 16:38

Data hauetan San Fausto jaiak ospatu ohi diren arren, aurten, ez da festarik egongo. Durangoko Udalak egun hauetarako protokoloa aurkeztu du.

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak agerraldia egin dute egun hauetarako protokoloa aurkezteko. “Aurten ez da jairik egitea tokatzen”, esan du Garrastatxuk. Eta hori betetzen dela ziurtatzeko neurriak hartuko ditu udalak.

Ez dute Durango ixtea baztertzen, osasun publikoa bermatzeak hala eskatuko balu. “Durango itxiko dugu osasun publikoa arriskuan dagoela ikusten badugu” esan du Julian Riosek.

Durangok 11 sarrera ditu errepidez, eta udalak horietako 9 zarratuko lituzke beharrezkoa balitz. Erabaki hori hartzeko, aski litzateke lau egoera hipotetiko hauetako bat betetzea: 

  1. Garraio publiko bidez jende asko iristen ari dela ikustea
  2. Herriko hainbat puntutan jende pilaketak egotea
  3. Ohi baino bisitari eta trafiko gehiago dagoela sumatzea. Aparkalekuak betetzen ari direla atzematea
  4. Kale zurruta (botiloia) egiteko planen berri jakitea

Bihar-etzitik aurrera hesiak ipiniko dituzte herriko sarreretan, herria ixtea erabakiko balitz, albait arinen zarratzeko.

Protokoloak beste hainbat neurri barnebiltzen ditu. Ertzaintzak Durangoko kanpoaldeak patruilatuko ditu kale zurrutak ekiditeko. Udaltzainek erdigunea kontrolatuko dute osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko. Udalak 450 kartel informatibo banatuko ditu ostalaritzan, osasun neurriak gogorarazteko. “Durangarrei eta inguruetako herrietarrei lankidetza eskatzen diet”, esan du Garrastatxuk. “Denon osasuna dago jokoan”.

Erabaki “mingarria”

Garrastatxuk onartu du jairik ez egiteko erabakia barneratzea “mingarria” dela, eta “bihotzez” eskertu ditu jai batzordeko kide eta elkarte guztiak. “Eskerrak eman gura dizkiet jai batzordeko kide guztiek eta elkarte guztiei egindako lanagatik. Erabaki mingarria da, eta hala ere lanean jarraitu dute, jairik egongo ez dela kontziente, hori horrela dela betetzeko”.

Bizkaibusek, geldialdirik ez

Bizkaibusek ez du geldialdirik egingo Durangon gaueko 22:00etatik aurrera. 

Protokoloa bariku honetatik datorren martitzenera arte, eta hurrengo asteburuko barikuan eta zapatuan egongo da indarrean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!