Durangoko txosnek "arduraz" jokatzera deitu dituzte durangarrak eta inguruetako herritarrak. Data hauetan jaiak egin ohi direla eta, aurten halakorik ez dela egingo gogoratu dute. "Argi dugu ardura jokatu behar dugula, eta aurten elkar zaintza eta prebentzio irizpideak lehenetsi behar ditugula", adierazi dute.
Laster arte bat
Txosna batzordea Durangoko Udalagaz elkarlanean egon da egunotan. Egitarau bat eskaintzeko asmoa zuten, baina pandemiak guztia zapuztu duela argitu dute. Osasun krisialdiak hala behartuta, Durangoko txosna batzordeari ezinezkoa izan zaio "egitaraua garatzeko beharrezkoa den txosnagune seguru eta osasuntsu bat antolatzea".
Etsipenean jausi barik, baina, aurrera begira ipini dira herri mugimenduko kideak. "Eskerrak eman gura dizkiegu egitarau honetan parte hartzeko prestutasuna adierazi diguten musika taldeei zein kulturgileei. Aurrerantzean ere, zailtasunak zailtasun, bidelagun izango gaituzue", esan dute. Pantxikek, herri mugimenduen arteko topaketek eta barra ertzeko zirriek itxaron egin beharko dute oraingoz. "Etorriko dira garai hobeak eta berriz ere txosnagunean elkartuko garelakoan gaude; bitartean, esan bezala, osasun neurriak errespetatuz, elkar zaintzea dagokigu".