Durangoko EAJ "oso kritiko" agertu da gobernu taldeak Higizezinen zerga igotzeko duen asmoagaz. Udalbatzako alderdiek ohiz kanpoko gobernu bilera izan dute gaur, eta zerga igoerari buruzko iritzia kaleratu du EAJk, ohar bidez. Bere esanetan, Higiezinen zerga igotzea "kolpe gogorra" da dendentzat eta komertzioentzat; baita, "ekonomia suspertzeko edozein estrategiarentzat" ere. Zentzu horretan, Durango Biziberritzeko suspertze plana aipatu du EAJk. Jeltzaleen iritziz, zergak igotzeko proposamenak aurrez aurre egingo luke talka ekonomia biziberritzeko plaganagaz. "Durangoko Udalak Ekonomia Suspertzeko Plana onetsi zuen. Horren bidez, 450.000 euroko laguntzak eman zitzaizkien apirilean %75eko jaitsiera izan zuten enpresa edo dendei. OHZn egin nahi den igoera, gehienetan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa baino handiagoa da. Horrenbestez, lortu nahi den ondorioa baliorik gabe geldituko litzateke", argudiatu du EAJk.
Talde jeltzaleak udalaren zerga igoerak zenbatekoak izan ote litezkeen aipatu du. 200.000 euroko aktibitate-balio katastrala duen denda batek 2.880 euro ordaindu beharko lituzke urtean, gaur egungo 2.400 euroak atzean utzita (%20 igoko litzateke zerga). 500.000 euroko aktibitate-balioa duen enpresa batek 9.000 euro ordaindu beharko lituzte, orain arteko 7.500 euroak atzean utzita (%20 igoko litzateke zerga). Etxebizitzen kasuan %14 edo %15 igoko lirateke zergak, etxebizitzaren balio katastralaren arabera. Adibidez, batez besteko balioa 160.000 eurokoa duen etxebizitza batek 331,20 eurotik 376 eurora arteko zerga igoera luke (%14 gehiago). Zenbakiak Durangoko EAJk eman ditu.