Durangoko udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batuko dira bihar, Tecnaliaren txostenak argitara ateratako bentzeno isuriei buruz berba egiteko. "Iurretan kokatu den emisio gunea desagerrarazteko" asmoz, udalak "lankidetza" egotea espero du. Horretarako, bilerara lau puntu eramango dituela aurreratu du:
- Isurien jatorri zehatza ezagutzea.
- Erakundeen arteko ekintza-plan bat lantzea, airearen kalitatea hobetzeko.
- Bitartean, airearen kalitatea neurtzeko gailu gehiago instalatzea.
- Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio Ingurumen eta Osasun Sailekin protokolo bat egitea, kutsadura handiko egunetan herritarrek zer egin dezaketen jakiteko.
Durangoko udal ordezkariek diote "elkarlanerako prestutasun guztia" dutela. "Bentzeno emisioak Iurretan kokatuta dauden arren, gai hau guztioi dagokigu eta horregatik eskaintzen ditugu horiek desagerrarazten laguntzeko tresna guztiak", esan dute ohar bidez.