"Durangarren laguntza behar dugu data seinalatu hauetan orain arte egindako lana bertan behera ez uzteko"

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 5a, 11:47

San Fausto eguna gertu dagoela eta, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak gutuna helarazi die herritarrei. Jairik egongo ez dela gogorarazi eta elkar zaintzeko deia egin du. "Gure familien eta auzokideen osasun eta ekonomiaren etorkizuna jokoan dago".

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak gutuna kaleratu du sanfaustoen inguruko datak direla eta. Jairik ez dela egongo berretsi du eta herritarrei dei egin die arduraz jokatzera eta elkar zaintzera. Hau da gutun osoa:

Durangar agurgarria:

Jakingo duzunez, urria iristearekin batera iristen dira San Faustoak Durangora, baina aurten, bizi dugun egoera dela eta, ezin izango dugu gure jaiez gozatu. Zentzu horretan, eta oraindik despistaturen bat geratzen bada, oso argi utzi nahi dugu: aurten ez da San Faustorik egongo.

Gaur egun bizi dugun egoera oso zaila da; izan ere, pandemia baten erdian gaude, eta horrek ez digu uzten gure bizitzak lehen bezala garatzen. Hori dela eta, zure laguntza behar dugu data seinalatu hauetan orain arte egindako lan guztia bertan behera ez uzteko. Gure buruari egin diezaiokegun kaltea ez ezik, gure familien eta auzokideen osasun eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan dago. Imajinatzen duzu Durangon beste agerraldi bat gertatu eta berriro konfinatzera behartzen gaituela? Adibideak ez zaizkigu falta inguruan.

Hori saihesteko, aste hauetan bilera sorta bat hasi dugu tabernekin, jatetxeekin, txokoekin eta Jai Batzordearekin. Oso bilera emankorrak izan dira, haien kezkak entzun ditugu eta elkarlanean aritzeko eskatu diegu. Gainera, Bizkaibusekin eta Euskotrenekin harremanetan jarri gara, eta protokolo espezifiko bat egin dugu Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin batera. Gure ustez, durangarren arteko lankidetza ezinbesteko tresna da birus horren aurka borrokatzeko eta etorkizuneko Durango eraikitzen jarraitzeko.

 Gauza gehiegi galdu ditugu denbora gutxian, eta, beraz, zure laguntza ere ezinbestekoa da egoera horretatik onik ateratzeko. Horregatik, gurekin ez ezik, Durangorekin ere kolabora dezazun eskatu nahi dizut. Lan guzti hau norberak hasten du, bakarka zein taldean.

 Iritsiko dira garai hobeak eta izango dugu San Faustoez gozatzeko astia. Bitartean, zaindu gaitezen, asko daukagu jokoan eta.

 Adeitasunez,

 Ima Garrastatxu Urbaneja

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!