"Etorkizunean ere euskal kultura bultzatuko duen proiektu batean parte hartzea da gure helburua"

Jone Guenetxea 2020ko urr. 2a, 13:30

Ziklo baten amaiera heldu da Plateruenera. Martitzenean batzar nagusia egin eta gero, 16 urteko ibilbidea etetea erabaki zuten. Plateruenaren itxieraren aurrean, Gontzal Aizpurua zuzendaritzako kideak eta Ihintza Orbegozo kultur arduradunak egoeraren berri eman dute.

Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteak kooperatiba desegitea erabaki du bazkideen batzar nagusian. Zein sentsaziogaz geratu zarete?
Gontzal Aizpurua
: Pena handiz hartutako erabakia izan da. Kudeaketa ekonomikoa zaila izan da gure ibilbide osoan; azken bost urteetan, batez ere. COVID-19ak ezinezko egin du jarraitzea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzea. Bestalde, kultur arloan 16 urtean egindako lanagaz oso pozik gaude. Kulturaren eta euskararen arnasgunea izan da. Helburu hori bete du Plateruenak.
Ihintza Orbegozo: 2.000 ekitalditik gora antolatu ditugu 16 urtean Plateruena kafe antzokian. Durangoko herritarrek, kulturgileek, bazkideek, langileek, kolaboratzaileek, boluntarioek... denon artean egin dugu hori. Esker oneko gaude elkarlanean proiektuan parte hartu duten guztiekin.

Diru-sarreretan, ostalaritzaren beherakada orokorra izan da. Durangoko ostalaritzan gauak desagertu egin dira.
G.A.
: Arlo ekonomikoak nekea eragin digu beti. Ostalaritza zerbitzuetatik egin gura izan dugu bideragarri kultur jarduna, eta ezin izan dugu lortu. Orain urte batzuetatik hona, kontsumo ohiturak aldatu egin dira eta kolpe hori nabaritu genuen. Durangon, ostalaritza sektore guztiak nabaritu du hori. Pandemiaren aurretik, edozein asteburutan ordu jakin batetik aurrera Goienkale hutsik zegoen. Jaiek, Durangoko Azokak... horrelako ekitaldi jendetsuek salbatzen zuten urtea. Hurrengo belaunaldiek beste kontsumo eta aisialdi ohitura batzuk ekarri dituzte. Egoera hori aurretik zetorren eta orain bigarren krisialdi orokorra egokitu zaigu. Ez gara gai izan, beharbada gaindimentsionatuta egin zen egitura etengabe aldatzen ari den egoera honetara egokitzeko.

Zer gertatuko da langileekin?
G.A
: Egoera aztertu eta gero, Platerueneko langile taldeak eta zuzendaritza batzordeak etapa bat amaitu dela partekatu dugu. Batetik, orain 20 urte sortutako ereduak agortze-sintomak erakusten dituelako, eta, bestetik, gaur egungo egoera sanitario-sozialak ostalaritza ustiapenaren bideragarritasuna ezinezko egiten duelako. Gainera, egungo egoerak ezinezko egin du udalagaz genuen ustiapen kontratua luzatzeko aukera. Behartuta geunden eta kooperatibaren jarduera bertan behera uztea erabaki da. Langileen egoera pertsonalari dagokionez, kontratuak azkenduko dira eta kalte-ordain osoa kobratuko dutela uste dugu. Elkarlanean gabiltza asmo horregaz.

Utzi du zorrik Plateruenak?
G.A: Zorrak, galerak eta bideraezintasun ekonomikoa direla-eta itxi behar izan dugu Plateruena. Plateruenak, guztira, 490.000 euroko maileguak eskatu zizkien finantza erakundeei. Horietatik 105.000 euro inguru ordaindu barik utziko ditu. Krisialdi bi gainditu behar izan ditugu, eta ahalegindu garen arren ezin izan zaio konpromiso horri erantzun. Gertuko hornitzaileekin ez daukagu zorrik, eta langileek dagokiena kobratu ahal izango dute.

Eta etorkizunera begira, zer?
I.O.: Eraikina udalaren jabetzan geratuko da. Ikuskizun eta ostalaritza azpiegiturak ere bertan geratuko dira. Horiek ere udalari uzten dizkiogu. Etorkizunean ere euskal kultura bultzatuko duen proiektu batean parte hartzea da gure helburua, orain arte izan duen kultur ibilbideari jarraipena emateko.
G.A: Eraikin ederra da udalari uzten dioguna. Bere sasoian, 1.405.000 euro inbertitu ziren bertan, eta honen zatirik handiena Berbaro Elkarteak eta 877 herritar eta eragilek ordaindu zuten.

Sorrerako bazkide eta elkarte horiek uzten duten ondarea da, beraz.
I.O: Orain 16 urte, esfortzu handia egin zuten gaur dugun kultur ekipamendu hau eduki dezagun. Horregaitik, eskerrak eman gura dizkiegu. Baita urte hauetan proiektuan lanean aritu diren guztiei ere. Eurei eskerrak izan dugu horren kultur ibilbide oparoa, eta eurei eskerrak uzten diogu orain udalari halako eraikin bat.

Itxiera noiz gauzatuko da? Ekitaldi batzuk programatu dituzue
G.A.: Likidazioak irauten duen bitartean, kultur ekitaldiak antolatuko ditugun arren, ohiko ostalaritza zerbitzua itxita egongo da. Ikuskizunak daudenean, horiek zabaltzea aurreikusten dugu, uda sasoian egin dugun legez, baina baliteke gure esku ez egotea. Abenduaren 31n amaiera emango diogu orain arteko ibilbideari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!