Neurri zorrotzak hartuta, Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteak batzar nagusia egin du gaur arratsaldean. Bileran batutako bazkideek kooperatiba desegitea onartu dute, zuzendaritza batzordeak proposatutako erabakiak eta neurriak onetsiz. “Erabaki hau egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko aukera”, azaldu dute zuzendaritzako kideek.
Aurreratu dutenez, kooperatiba deseginda eta eraikinaren ustiapena etenda, Durangoko Udalaren esku geratuko dira, bai azpiegiturak bai etorkizuneko erabilera.
Udazkeneko kultur ekitaldiak
Prozesuak dirauen bitartean, kultur ekimenekin aurrera jarraitzea aurreikusten dute udazkenean. Udan egin duten moduan, Plateruenako ohiko ostalaritza zerbitzuak itxita egongo dira. Plateruena ikuskizunak daudenean bakarrik zabaltzeko asmoa dute. “Abenduaren 31n amaiera emango diogu orain arteko ibilbideari, 2020 urtearekin batera”, gaineratu dute batzarrean.