Bizkaia-Durango taldeak aurpegia eman du Giro Arrosan eta gustura bueltatu dira egindako lanagaz

Joseba Derteano 2020ko ira. 26a, 12:00

Bizkaia Durangoko kideak gustura bueltatu dira Giro Arrosan egindako lanagaz. Beste behin, Continental mailako taldeak aurpegia eman du munduko probarik garrantzitsuenean, eta Nadine Gill txirrindulari alemanagaz 20 onenen artean sartzeko borrokan ibili da.

Gill-ek 28 urte ditu, baina esperientzia gutxi du txirrindularitzan. Aurtengoa du lehenengo denboraldia UCI mailako talde batean. Falta ez zaiona sasoia da. "Hauspo galanta du", dio Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariak, eta horri eskerrak 20 onenen artean sailkatuta egon da Giroko hainbat etapatan. Haize-babes batean moztuta geratu izanak ekidin dio eskura zuen helburua lortzea.

Hala ere, itxaropena izateko moduko txirrindularia da aurrera begira. "Oso dohain onak ditu bizikletarako", Elorriagaren esanetan. Horren adibide da Giroko etaparik gogorrenean 18. tokian amaitzea lortu zuela.

Alice Arzuffi izan da taldeko beste protagonistetariko bat. Italiarra borrokalari ibili da ihesaldietan sartu guran. Beraz, euren maila eman dutela uste du Elorriagak. Azken 20 urteetan, Bizkaia-Durangok ia urtero parte hartu Giro Arrosan, eta hori azpimarratzekoa da. "Parte hartzea bera garaipen bat da guretzat", dio.

Aurtengoa ezohiko Giroa izan da. "Txirrindulari onenei begira, beharbada gogortasun puntu bat falta izan zaio, Mortiroloren moduko mendate bat, baina gainerako ziklistentzak gogorra izan da, azkenengo txirrindulariek helmugara heltzeko zuten tartea laburtu egin dutelako". Antolatzaileek zorrotz jokatu dute horretan, eta 52 ziklistek ez dute Giroa amaitu denboratik kanpora heltzearren.

Hurrengo hitzorduak
Aurrera begira, Espainiako Kopako lasterketa izango dute hurrengo hitzordua, urriaren 4an. Kopan Lizzy Holden britainiarrak eta Lucia Gonzalez asturiarrak lan ona egin dezaketela uste du Elorriagak. Gero, nazioarteko egutegian murgilduko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!