“Plazera izan da Gorkaren hogei urteko eraldaketa fisiko eta emozionala antzeztea”

Aritz Maldonado 2020ko ira. 24a, 17:00

Eneko Sagardoy aktore durangarra Donostiako Zinemaldiaren zurrunbiloan murgilduta dabil egunotan. Joan den asteburuan, egundoko ikusminagaz estreinatu zen Patria (HBO plataformak irailaren 27an estreinatuko du). Baina hori ez da durangarrak Donostiako zine jaialdian aurkeztuko duen lan bakarra. Gaur, Hil kanpaiak pelikula estreinatu du.

Zelan doa Zinemaldia?
Sentsazio aldetik, pentsatu baino normalagoa izan da dena, eta hori egundoko lana egin dutelako da. Donostiako Zinemaldia egitea oso garrantzitsua da gure industriarentzat. Ez da jaialdi bat egitea bakarrik. Pelikulak kokatzeko gune bat ere bada; Zinemaldian jasotako iritzi eta kritikek eragin zuzena dute pelikulak gero zinema-aretoetan edukiko duen arrakastan. Oso erakusleiho garrantzitsua da. Gainera, beste alde batetik, nire ustez adibide argi bat da pandemia egoera honetan ere bizi kalitatea mantendu daitekeela, beharrezko neurriak hartuta. Hau da, segurtasun osoko sentsazioa bizi dugu bertan, gizalege osoa, eta jendearen aldetik ere eskuzabaltasuna nabari da. Igartzen da hile askoan lanean gogor aritu den lantalde baten eskuetan gaudela. Veneziako jaialdia ere egin zen honetaz aparte, baina auskalo zer gertatuko den datozen hileetan. Orduan, benetan txalotzekoa da egin duten lana, ikaragarria da.

Zelan 'Patria' telesailean, Gorkaren azalean?
Asko disfrutatu dut pertsonaiagaz, gauza askotan antzekoak garelako. Horrez gainera, plazera izan da hogei urteko denbora tartean zehar, momentu desberdinetan, pertsonaia hau antzeztu ahal izatea. Pertsonaiaren eraldaketa fisikoa eta emozionala izugarria izan da. Gainera, HBO lako ekoiztetxe batentzat, eta mimo handiz egindako lan batean izanda.

Zelakoa izan da horrelako produkzio batean parte hartzea?
Plataformaren apustu handia izan da, Espainiako sorkuntzan edo produkzioan lehenengo urratsak emateko. Niretzat, filmazioan gauzak ez dira aldatu; grabatzerakoan, nik ez nuen buruan domekatik aurrera 70 herrialdetan ikusiko gintuztenik. Filmazioa orain urtebete egin genuen, eta lanerako ohiko gauzak erabili genituen. Kontsumitzailea naizen aldetik, badakit zer dakarren HBOk. Badakit zer prestigio daukan, eta zein ikusgai egongo garen. Horrek beldur puntu bat ematen du, baina, beste alde batetik, zein zorteduna naizen pentsatzen dut, horrelako erakusleiho handi batean egoteko aukera edukitzeagaitik.

Ikusmin handia sortu du 'Patria'-k.
Prentsa mugimenduagaitik igartzen dugu hori. Ikaragarria izaten ari da, eta kritika ikaragarriak izan dira hedabide handietan, eta horrek seinale bat ematen digu. Kazetari alemaniar bi hunkituta etorri zitzaizkidan Patriaren emanaldi baten ostean, zortzi kapituluak ikusi eta gero, eta badirudi hemendik kanpora ere ulertu dutela, eta barrura heldu zaiela, beraz.

'Hil kanpaiak' ere estreinatu duzu Zinemaldian.
New Directors atalean estreinatu da. Oso hunkitua nago. Imanol Rayoren bigarren pelikula da, eta lehenengoaren estiloa mantendu du. Berak gura izan duen pelikula egin du, bere estiloari muzin egin barik, eta hautatua izatea lortu du. Pelikula oso pertsonal batean parte hartzea ez da egunero gertatzen den zerbait, eta horregaitik oso harro nago. Estreinatzeko gogo izugarria eduki dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!