Durangoko Udalak Intxaurrondo eskolako gelak eskaini dizkio Amankomunazgoari, Behargintzako ikastaroetarako

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 17a, 10:55

Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak adierazi du udalaren proposamenak ez dituela Behargintzaren beharrak betetzen, eta horixe jakinarazi ziola udalari bileretako batean. Dena den, Amankomunazgoa aukera guztiak aztertzen ari da, eta denbora gutxi barru jakinaraziko du bere erabakia.

Durangoko Udalak jakinarazi du garai bateko Intxaurrondo eskolako bost gela eskaini dizkiola Amankomunazgoari, azken honek Behargintzako ikastaroetako batzuk bertan eman ditzan. Udalak hedabideetara bidalitako oharrean azaltzen duenez, joan den abuztuan eta irailaren hasieran bilera bi egin zituzten alde biek. Udalak dio Amankomunazgoak ez duela bere erabakia jakinarazi, nahiz eta onartua izatea espero duen, "Amankomunazgoko teknikariek eskatutako behar tekniko guztiei erantzuten baitiete".

Amankomunazgoak, bere partetik, argitu du udalak mahai gainean ipinitako proposamenak ez dituela Behargintzaren beharrak betetzen, eta horixe bera helarazi ziola Durangoko Udalari bileretako batean. Oraingoz, baina, Amankomunazgoak ez du behin-betiko erabakirik hartu. Dena "kontu handiz" aztertzen ari direla eta erabakia denbora gutxi barru jakinaraziko duela aurreratu du Mireia Elkoroiribe presidenteak.

Herriko elkarteak non birkokatu eta Behargintzako ikastaroak non birkokatu

Kontua ekainetik dator. Durangoko Udalak Pinondo Etxea hustu behar izan zuen eraikina egoera txarrean dagoela eta. Horren ondorioz, herriko hainbat elkarte lanerako eta batzeko tokirik barik gelditu dira. Eta behin-behineko irtenbide modura, Durangoko Udalak "oktogonoa" herriko elkarteentzat atondu gura du. Arazoa da, baina, orain arte Amankomunazgoak erabili izan duela eraikin hori, eta erabaki horrek arriskuan ipini dituela Behargintzako hainbat ikastaro. Amankomunazgoak duela hilabete batzuk azaldu zuenez, oktogonotik "alde egitera behartuta" ikusi zuen bere burua, Durangoko Udalaren eskariz.

2009tik datorren soka

Pindondo Etxearen egoera ulertzeko 2009ra egin behar da atzera. Gobernu taldeko kideek diotenez, ordu hartan eraikinak "arazo larriak" zituela, eta halaxe ondorioztatu zuela azterketa tekniko batek. "Azken 10 urteetan aurreko gobernu taldeak arazo horiei aurre egin izan balie, elkarteek Pinondo Etxean jarraituko lukete eta Behargintzak 'Oktogonoan', baina, mundu guztiak ulertuko duen bezala, orain herriko elkarteak udal eraikinetan birkokatu behar ditugu", azaldu dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!