Oinezkoentzako gune zabalago bat eta atari digital berri bat, Durangoko Mugikortasun astean

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 17a, 08:56

Martxan dago Durangoko Mugikortasun astea. Udalak hainbat ekintza prestatu ditu herriko eragileekin. Inoizko Mugikortasun asterik digitalena izango da aurtengoa, eta esperientzia pilotu bat ere estreinatuko du: oinezkoentzako guneak zabalduko dituzte.

Gaurtik irailaren 22ra arte ospatuko da Durangoko Mugikortasun astea. Inoiz izandako ediziorik digitalena izango da aurtengoa, koronabirusak egitaraua egokitzera behartu baitu udala. Edozelan ere, herriko elkarteekin, ikastetxeekin eta merkatariekin batera osatutako ekintzak egingo dira.

San Agustinalde eta Joxe Migel Barandiaran kaleak, oinezkoentzat

Barikutik domekara bitartean oinezkoentzako gune zabalago bat egongo da Durangoko erdigunean. San Agustinalde eta Joxe Migel Barandiaran kaleak oinezkoentzat egokituko dira, modu horretan, Zumalakarregi kalean dagoen Emisio Baxuko Eremua zabaltzeko. Durangoko Udalak jakinarazi du esperientzia pilotu bat izango dela oinezkoentzako gunea zabaltzeko ideia hori.

EGITARAUA

Bestalde, herriko eragileekin batera osatutako egitaraua zein den jakinarazi du udalak:

  • Aste osoan zehar, Turismo Bulegoak doan banatuko du Saltoka jokoa, Durangoko txokoak oinez ezagutzeko jolas familiarra.
  • Geu Be elkartearen eskutik, Zugaza zinemak bide-seinaleei buruzko azalpen-bideo bat proiektatuko du. Baita Fray Juan de Zumarraga, Ibaizabal eta Nevers ikastetxeetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek egindako Araubizi programaren trailer bat ere.
  • Udalak Mugikortasunari eta Bide Hezkuntzari buruzko gune digital berri bat aurkeztuko du udalaren webgunean.
    • Bizikletaren erabilera egokiari buruzko infografia egongo da  kartel deskargagarri/inprimagarriekin.
    • Geu Be elkarteak egindako bideoak eta kanpainan parte hartuko duten ikastetxeentzako jolas digitalak zein ipiniko dira. Oraingo honetan, DBHko 1. mailako ikasleek, Stop Violencia Vial elkartearen eskutik, azterketa bat egingo dute beren etxeetan, lanarekin, pertsonen zaintzarekin eta eguneroko erosketekin lotutako ibilbideen ezaugarriei buruz.
    • Tokiko elkarteei eta mugikortasunarekin lotutako merkataritzari buruzko elkarrizketak egongo dira, eta La Duranguesa, Sapubike, Durango Patina, Bizibike, Ciclos Iturriaga, Basati eta Basque Country Bike izango dira hizpide. 
    • Iñurri Eskaut Taldeak eskulan tailer bat eskainiko du material birziklatuarekin.
  • Aldaketa klimatikoaren aurkako 100 segundo I.mikrometraje lehiaketa deituko da. Lanak aurkezteko epea urriaren 18an amaituko da. Oinarriak eta sariak aipatutako web orrian argitaratuko dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!