"Adineko jendearenganako mespretxuarekin amaitzeko jotzen dut organoa"

Aritz Maldonado 2020ko ira. 15a, 13:15

Montserrat Torrent organistak zuzenekoak ematen jarraitzen du 94 urterekin. Bera arduratuko da Arandoño kultur elkartearen kontzertu zikloa irekitzeaz. Eguenean joko du, 20:15ean, Andra Mari elizan.

Montserrat Torrentek bizitza osoa darama musikari lotua eta organoaz maiteminduta. Egun, 94 urterekin, eta koronabirusak eragindako osasun krisi betean egonda ere, ez dio kontzertuak emateari utzi gura. "Beldur pixka bat ere badut, noski, osasun arazo larria da hau, baina ilusioz beterik jarraitzen dut". Ilusioa ez ezik, aldarrikapena ere darama bere kontzertuetara. "Adinekooi ez digute jaramonik egiten, ezta laguntzarik ematen ere. Oharkabean goaz, ez gara existitzen, soberan gaude; gu ulertzea eta gure sentimenduak errespetatzea baino ez dugu eskatzen" azaldu du prentsaurrekoan. "Horregatik jarraitzen dut jotzen, adinekoonganako mespretxuarekin amaitzeko".

Hamarkadak daramatza organo kontzertuak eskaintzen Torrentek, eta "ahal duen heinean" horrela jarraitzeko asmoa duela agertu du kontzertu sorta aurkezteko prentsaurrekoan. "Agur bira bat eskaintzeko aukera eskaini didate, baina ez dut hori egin gura. Ahal dudan bitartean, jotzen jarraituko dut eta kitto". Domekan, hilak 13, Deban (Gipuzkoa) eskaini zuen kontzertua, eta eguenean Durangon arituko da; Iruñean eta Bartzelonan kontzertuak eskainiko ditu datozen asteetan.

"Urte zaila"

Hainbat oztopo eduki arren, aurrerapauso bat eman gura izan du Arandoño elkarteak urtero antolatu ohi duen jaialdia aurten ere programatuz. "Ezin genuen utzi desagertzen" azaldu du Xabier Arana Arandoño elkarteko presidenteak. Emanaldiak segurtasun neurri bereziak jarraituz antolatu dira: maskara eramatea derrigorra izango da, eta segurtasun distantzia mantendu beharko da; horrez gainera, aforoa murriztu egin dute: Andra Mariko kontzertuetan 245 lagun bildu ahalko dira, gehienez; San Frantziskokon, ostera, 66.

Egitaraua: 

Irailak 17, 20:15ean, Andra Marin, Montserrat Torrent

Urriak 23, 20:15ean, Andra Marin, Esteban Elizondo 

Azaroak 6, 20:15ean, Andra Marin, Jesus Martín Moro

Azaroak 22, 19:00ean, Andra Marin, Gerardo Rifon eta Donostiako Orfeoi Gaztea  

Azaroak 27, 20:15ean, Andra Marin, Thomas Ospital

Abenduak 26, 20:15ean, Andra Marin, Gerardo Rifon eta Lucia Gomez

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!