Durangoko Udala "komunitatea" eraikiko duen plan bat garatzen hasi da aro "benetan zail" bati aurre egiteko

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 15a, 11:19

Ikasturte berria zabalduta, Durangoko Udalak aro berri baterako helburuak markatu ditu. Udal agintariek "ikasturte benetan zaila" izango dela aitortu dute eta horren aurrean komunitatea eraikitzeko beharrean ipini dute azpimarra. "Elkartasunean eta ongizatean" oinarrituko den Durango eraikitzeko plana osatzen hasiak dira. 

Ikasturte berria inauguratuta, Duangoko Udalak aurrera begirako zerumuga marraztu du. Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak gutun bat kaleratu dute gaur. Koronabirusak eragindako testuingurua izan dute aipagai eta aurrera begira hartu beharreko bideak marraztu dituzte. Aitortu dute garai "benetan zailak" etorriko direla aurrerantzean, eta "kasu askotan bertan behera" utzi beharko direla orain arte eskuartean izandako "ametsak eta ekimen politikoak".

Finantzazioari lotutako zailtasunek galdera-ikur asko ekarriko dituzte. Garrastatxuren eta Riosen aurreikuspenen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak udalerriei ematen dien transferentziek murriztera jo dezakete. Aldundiak berak joan den astean aipatu zuenez, abuztura arte zerga bidez batutako kopurua %19,4 jaitsi da. 5.106,5 milioi euro batuak zituen iazko abuzturako eta 4.115,4 milioi batu ditu aurtengo abuztura arte. "Horrek udalok ekonomikoki azken hamarkadetako unerik zailenetako batean kokatzen gaitu, zaildu egiten baitu gaur egun ditugun gastuei aurre egitea", arrazoitu dute. 

Elkartasuna eta komunitatea, aurrera begirako tresnak

Laino beltzak datozela jakitun, orain arteko "ikuspegia" aldatzeaz hausnartu du udalak: "gaizki joan den guztia aldatu behar dugu, eta irauli, bai norbanaka, bai kolektiboki", aipatu dute Garrastatxuk eta Riosek. "Zer jendarte eredurantz bideratu nahi dugun pentsatu behar dugu: bizikidetzan, elkartasunean eta ongizatean oinarritutako Durangoko iraunkorra nahi badugu, edo, aitzitik, edozein ezbeharren aurrean Durango hiper-produktiboa baina ahula nahi badugu". 

Udalak jakinarazi du 2030era begirako plan bat osatzeari ekin diola. Lau ardatz ditu planak: komunitatea eraikitzea, komunitatea zaintzea, gobernantza demokratikoa eztartzea eta trantsizio ekologikoa martxan ipintzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!