Puxemoi produkzioak taldearen 'Zortzaileak' film laburrak irabazi du Labur Esanda lehiaketa

Jone Guenetxea 2020ko ira. 13a, 11:24

Guztira 11 lanek parte hartu dute Berbaro euskara elkarteak antolatutako film laburren lehiaketan. 

Parte hartzaileek barikuan 16:00etan jaso zituzten 24 ordutan bideo bat egiteko baldintzak. Bideoen gaia zorra izan zen, eta bertan bi elementu hauek sartu behar zituzten momenturen baten: txaleko islatzaile bat eta etxean entzuna, umearen zentzuna esaldia. Guztira 11 lan aurkeztu zituzten atzo, eta 100 bat lagun bertaratu ziren Plateruenera film laburrak ikustera, osasun-neurri zorrotzekin egindako emanaldian.
 
Libe Mimenza, Xabier Zabala eta Goiuri Aldekoa-Otalorak osatutako epaimahaiak ondorengo lanak saritu zituen: Puxemoi produkzioak taldearen Zortzaileak lana izan zen garaile, eta 300 euroko saria jaso zuten. Finalista geratu ziren beste biak Super Kuxkur taldearen Zetan zabiz? eta Maritalavista taldearen Zure kontu lanak izan ziren, 100 euroko sari bana etxera eraman zutelarik. Azkenik, Harria sari berezia eraman zuen Zordunak taldearen Hartzekoduna lanak, epaimahaiak azaldu zuenez, "harrituta" utzi zituelako bideoan hitanoa erabili izanak.
 
Berbaro elkartetik eskerrak eman gura izan dizkiete parte hartu duten talde guztiei. "Oso maila altua egon da aurkeztutako lanetan, eta aurrerantzean ere euskarazko ikusentzunezkoak sustatzeko horrelako ekimenak egiteko indarra eman digu lehiaketak izan duen harrera onak".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!