“Dugun iraganagaz, sorginen gaiak jakin-min handia sortzen du hemen”

Aritz Maldonado 2020ko ira. 11a, 13:15

Sorginak erakusketa osatzen duten 42 lanetariko bat Goiuri Aldekoa-Otalora argazkilari durangarrarena da. XV. mendetik XVIII. mendera, Europan 250.000 emakumetik gora hil zituzten sorginkeria leporatuta, krudelkeriaz. Hilketa horiek hizpide hartuta, AIMA elkarteak erakusketa antolatu du. Urriaren 4ra arte egongo da ikusgai, Durangoko Arte eta Historia museoan.

'Atzokokaka' ikusgai dago Sorginak erakusketan.
Silvia Federiciren Caliban eta Sorgina liburua oinarri teoriko moduan hartu dute oraingo honetarako. Euskal Herriko hainbat artista daude gonbidatuta, tartean ni.  Moxalen [Hannot Mintegia] abesti bati irudiak ipini dizkiot Atzokokakan, eta hori ikusten da erakusketan. Abestian Aiora Errenteriak, Ainara Legardonek, Mursegok eta Miren Narbaizak abesten dute. Koroak egiten dituzte eta entzun nituenean, sorginak, sua eta horrelakoak etorri zitzaizkidan burura. Irudi ilunak gustuko ditut, espresionismo alemaniarra esaterako, eta eragin hori nabaria da, musikak argi printza batzuk badituen arren. Hortik abiatuta, ibilbide bat egitea bururatu zitzaidan, ilunetik argira doazen emakumeak, emakume indartsuak, berpizten doazenak, eta duten indarraz konturatzen direnak, hainbeste urtean zapalduta egon ostean. Feudalismotik kapitalismorako trantsizioan, Durangaldean, Zugarramurdi inguruetan eta Europako beste hainbat txokotan emakumeak erre egin zituztela gogoratu behar dugu; emakume ahaldunduak isilarazteko erre zituzten. Elizak eta kapitalismoak ere eragin dute emakumeak zapalduta mantentzen. Esango nuke hortik irteten ari garela, eta hori adierazi gura dut lanean.

Erakusketarako enkarguz eginiko lana dirudi bideoak.
Bai, ematen du, baina ez da horrela. Kutsu horretako hainbat argazki ditut, autorretratuak, emakumeenak, asko.

Bisita gidatu bi egingo dituzu gaur.
Erakusketa arrakastatsua izaten ari da. Durangon daukagun iraganagaz, sorginen gaiak jakinmin handia pizten du. Hemen ez digute istorio hori erakutsi. Europan 250.000 emakume baino gehiago hil zituzten, eta inork ez daki horri buruz. Sarraski bat izan zen. Ikerketa lanak egiten ari dira orain, Ander Berrojalbizen Herejeen alaba, adibidez, eta badirudi jendea konturatzen hasi dela zelako grabea izan zen. Sorginaren irudia emakumezko gaizto, zatar eta okerragaz lotzen du jendarteak.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Fase desberdinetan dauden hainbat proiektu ditut esku artean. Maurizia Aldeiturriagari buruzko dokumental batean lanean nabil, eta hor aurreratuago daukagu lana. Bera ere andre indartsua zen, izaera fuertekoa. Euskal Herrian emakume ikonikoa izan zen; nik neuk mirestu egiten dut. Dokumentazio lana nahiko aurreratuta daramat, baina denbora ere behar da, eta Virginia Woolfek esandako moduan, norberak bere logela propioa behar du, baina hor ere esango nuke lan bikoitza egin behar dugula emakumeok, eta sormenerako denbora gutxiago dugula horregaitik. Batzuk haserretu egingo dira beharbada, baina sormenari denbora gutxiago eskaini ahal diogu emakumeok, eta hori beste handicap bat da. Baina ilusio handia dut eta inguruan jende asko ari zait laguntzen, Irati Eguren besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!