“Ezagutzen dut Hirugarren Maila; konfiantza eta lasaitasun puntu bat ematen dit horrek”

Joseba Derteano 2020ko ira. 12a, 10:00

Iaz legez, Durangoko Kulturalak talde gaztea izango du aurten ere: 24 urte, batez beste. Odol gazte horren adibide da Danel Ibarrondo, 21 urteko abadiñarra. Lauaxeta ikastolan eman zizkion lehenengo ostikadak baloiari, eta Durangoko Kulturala izan zuen bere aurreneko futbol kluba. Kadete adinean Eibar klubak fitxatu zuen. Harrezkero, han aritu da, Amurriogaz Hirugarren Mailan jokatu zuen urtea kenduta. Aurten, Durangoko klubagaz, berriro Hirugarren Mailan jokatuko du eskuin hegalean aritzen den jokalariak.

Zelakoa izan da zure etxea izandakora itzultzea?
Ona. Baditut ezagun batzuk taldean, Kulturalean jokatu nuen sasoian ezagutu nituenak. Aurpegi ezagunak aurkitzeak laguntzen du.

Lau urte eman dituzu Eibarren. Zelan baloratzen duzu han emandako denbora?
Oso oroitzapen onak utzi dizkit. Han emandako denboran asko ikasi dut. Futbolari moduan zein pertsona moduan hasteko aukera eskaini dit. Esperientzia positiboa izan da eta han emandako denbora ez nuke beste ezergaitik aldatuko. Gainera, azken urteetan harrobia asko lantzen ari dira, geroago eta egitura indartsuagoa dute eta hori bertatik bertara bizitzea polita izan da.

Aurten Hirugarren Mailan arituko zara Durangoko Kulturalagaz. Maila hori zer den badakizu, 2018/2019 denboraldian Amurrio taldean aritu zinen eta maila horretan. Zelako esperientzia izan zen?
Beste esperientzia positibo bat izan zen niretzat. Amurrio Hirugarren Mailako talde umil bat da eta ez du beste klub batzuen errekurtsorik, baina oso gustura ibili nintzen, taldean giro ona zegoelako. Partiduetan sufritzea egokitzen zitzaigun sarritan, baina, benetan diot, gozamena zen eurekin jokatzea. Gainera, kategoria berria zen niretzat. Erronka moduan hartu nuen. Hasieratik igarri nuen maila gogorra zela, ni baino esperientzia gehiagoko jokalariak zeudelako, baina denboraldiak aurrera egin ahala egokitu nintzen mailara, eta askotan jokatu nuen.

Hirugarren Mailan jokatu ahal izateko zer behar den ikasi zenuen.
Hori da. Ezagutzen dut Hirugarren Maila zer den, ez dut hutsetik hasi behar eta konfiantza eta lasaitasun puntu bat ematen dit horrek.

Talde nagusiagaz arituko zaren urte honetan, zeintzuk dira zure helburuak?
Gozatzea eta ikastea. Eta ahal badut, jokatzea, jakina. Ez da erraza izango, baina ahaleginduko naiz.

Talde lehiakorra duzue?
Maila oso ona dagoela ikusi dut, espero nuen baino handiagoa. Hori ona da taldearentzat. Nire ustez, talde polita dugu. Gero, hori guztia zelaian erakutsi behar da, jakina.

Jokalarien batez besteko adina 24 urtekoa da, oso gaztea. Esaterako, taldeko zazpi jokalarik zure adina dute, edo gazteagoak dira.
Bai, egia da talde gaztea duguna, baina esperientziadunak ere badaude. Nik uste dut gazteen eta beteranoen arteko nahasketa hori interesgarria dela eta gauza politak egin ditzakegula. Gazteoi ilusioa behintzat ez zaigu faltako.

Hiru aste daramatzazue entrenamenduak hasi zirenetik. Zelakoak izan ziren lehenengo egunak?
Lehenengo egunetan talde txikitan banatuta ibili ginen. Entrenamendu normalekin alderatuta, diferentea izan zen, baina hobea lesioak ekiditeko.

Denbora luzean jokatu barik egon ostean, bazenuen lesioen beldurrik?
Ez dakit beldurra deituko nion, baina errespetu handia bai, behinik behin. Eta ez nire aldetik bakarrik, taldekide guztien partetik ere bai. Ez da berdina etxean egiten den lana eta entrenamenduetan egiten dena.

COVID-19ak asko baldintzatzen du zuen jarduna ala zerbait eramangarria da?
Talde handian entrenatzen hasi garenetik eramangarria dela uste dut. Segurtasun protokoloaren alderik negatiboena da, jokalarien arteko hartu-emanak zaildu egiten direla. Eta jokalari berria zarenean, gehiago. Hau da, murriztu egiten ditu normalean besteekin berba egiteko eta hartu-emanak sendotzeko erabiltzen diren une eta espazioak. 

Kulturalak entrenatzaile berria du aurten: Jon Larreategi. Ezagutzen zenuen?
Bai, Eibarko filialean aritu zen, Vitoria taldean, eta ni astebete inguruan talde hartan entrenatu nintzen. Ordutik ezagutzen dut. Horrez gainera, futbolean jokatzen ere ikusi dut Urritxen, Amorebieta klubeko jokalaria zela. Izan ere, sasoi hartan nire osaba zebilen entrenatzaile han: Axier Intxaurraga.

Intxaurragak Durangoko Kulturala, Amorebieta, Barakaldo eta Portugalete taldeak entrenatu ditu, besteak beste. Eman dizu gomendiorik?
Tratu ona dugu. Kulturalak fitxatu ninduenean, zoriontzeko deitu zidan. Etapa berrian gozatzeko esan dit, eta dena emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!