Durangoko Udalak herriko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakina jarri du martxan

Anboto 2020ko ira. 10a, 12:17

Parte-hartze prozesuaren lehenengo ekintza herritarrek erantzun ahal izango duten galdetegia da. Horretan aukera izango dute lurraldearen antolamenduarekin lotutako hainbat gairi buruzko galderei erantzuteko.

Herriko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) Udala hirigintza arloan antolatzen duen tresna juridikoa da, lurzoru-motak eta haien erabilera, eraikigarritasuna, errepideen trazadura eta kokapena, ekipamendu-motak, eta abar zehazten dituena, besteak beste.

2016 eta 2017 urteetako diagnosi parte-hartzailea eta 2030eko Durangoko oinarri estrategikoen argitalpena egin ondoren, 2019ko uztailaren 17an Udaleko Osoko Bilkurak HAPO-aren idazketa lana egitea onartu zuen. Hori dela eta, aurrerapen-dokumentua idazteko fasean gaude, urtebeteko epean zehar egingo dena.

Herritarren eta eragileen parte-hartzea nahitaezkoa izango da HAPO-a lantzeko. Era honetan, parte-hartzeko hainbat bide jarriko dira martxan: sektoreetako eta herritarren informazio eta partaidetza-foroak, hala nola web tresnak; hori guztia herritarren eta eragileen parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!