"Punk eta kaskamotz mugimenduaren inguruan irrika sortzea gustatuko litzaiguke"

Aritz Maldonado 2020ko ira. 10a, 19:00

Urtebeteko ibilbidea egin du Durangoko Kaleko Soinuak Kalea Astintzen kolektiboak. "Herria astintzeko, eta gustuko ditugun musika doinuen inguruko mugimendua sustatzeko" helburuagaz sortu zuten, eta osasun egoerak baldintzatuta egon arren, pintxaldia antolatu dute zapaturako, Sorginolan. Sarrera guztiak salduta daude.

- Zein helbururekin sortu duzue kolektiboa? Nortzuk osatzen duzue?

Adin desberdinetako zortzi lagunek osatu genuen taldea, eta inguruan ere jende asko dugu laguntzeko prest; eurek barik zailagoa izango zen guztia. Gure helburua herria apur bat astintzea da, aspaldian ez genuen ikusten gure gustuko musika doinuen inguruan mugimendurik, eta zerbait egitea erabaki genuen. Guretzako garrantzitsua da gazteei ere bestelako bide batzuk zabaltzea, hau da, mugimendu honen inguruan irrika sortzea eta zorte apur batekin honen eraginez hainbat musika talde sortzea.

- Sorginolan, egungo osasun egoeragaz egingo duzuen bigarren pintxaldia izango da zapatukoa. Zelako harrera izan zuen aurrekoak?

Aurrekoa oso ondo irten zen. Sarrerak amaitu egin ziren, eta giro ona egon zen. Sortutako giroa ikusita, irailean beste bat antolatzea pentsatu genuen. Hasiera batean kontzertua eta pintxaldia egitea zen asmoa, baina azken orduan taldeak ezingo zela etorri abisatu zigun, eta Amunda Selektarehkin jarri ginen harremanetan. Doinu jamaikarrak ekarriko ditu gurera. Sarrera guztiak saldu ditugu, eta ziur gaude aurrekoan bezala giro aparta egongo dela oraingoan ere. Esan beharra dugu, segurtasun neurriengatik aforoa gutxitu duela Sorginolako asanbladak, eta horrek sarrerak saltzea erraztu duela. 

- Abenduan aurkezpen kontzertua egin zenuten. Zelan joan dira orain arteko ekitaldiak?

Aurretik ere kontzertuak antolatzen ibilitakoak gara, eta bagenekien galera ekonomikoak edukitzeko arriskua handia dela, lehen kontzertua Durangoko Azokaren datetan antolatzea pentsatu genuen horregatik. Beharbada, Sapuetxeko kontzertuak faltan botatzen ditugulako izango zen [Azoka Antikomertziala bertan antolatu zen urte luzez] (barrez). Sorginola bete egin zen, eta beste jaialdi bat antolatzeari ekin genion ostean. Ekainekoa prest genuen, baina birusaren agerpenagaz atzeratu egin behar izan dugu; data beste egun batean ezartzeko lanean ari gara, ea posible dugun laster egitea.  

- Punk eta kaskamotz mugimenduan du jatorria kolektiboak. Osasuntsu dago mugimendu hau Durangaldean? Eta Euskal Herrian?

Durangon ikusi daitezke gazteak itxurekin eta, baina gauzak antolatzerakoan, ez dago ia erantzunik. Ez dago ia kontzerturik, eta are gutxiago fanzinerik edo irratsaiorik. Ea KSKAk antolatzen ditugun ekintzen bidez herriko mugimenduari bultzada bat ematen diogun. Euskal Herri mailan beti egon da mugimendua eta gaur egun ere badaude gauza interesgarriak; batzuek urteak daramatzate, eta beste batzuk berriagoak dira, baina herri bakoitzean errealitatea desberdina da. 

- Ez dira garai onak kaleko ekitaldietarako, aurrerapauso bat eman, eta egitea erabaki duzue. Hemendik aurrera?

Argi dugu gauzak antolatzen jarraitzea gura dugula, zentzudunak izanez, eta bizi dugun egoerara moldatuz beti ere. Ez dugu baloratzen ezer ez egitea. Pintxaldi honetarako fanzine bat prestatu dugu; kolektiboa aurkezten duen sarrera bat eta Irundik datorren Amunda selektoreari egin diogun elkarrizketa dakartza. Jaialdietan horrelakoak banatzea pentsatu dugu, jaialdietako partaideen elkarrizketekin eta informazio osagarriarekin. Jaialdiko sarrerarekin batera banatuko ditugu, eta sare sozialen bidez ere deskargatu ahalko dira. Beste ideia batzuk ere baditugu buruan, ahal dugun heinean burutuko ditugunak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!