4.600 ikusle bildu ditu Uda Kulturaz Blai zikloak

Aritz Maldonado 2020ko ira. 7a, 12:00

Antolatzaileak oso pozik agertu dira kultura zikloak eduki duen harreragaz, eta kultura "Durango eta durangarrak berraktibatzeko gakoetako" bat dela nabarmendu dute. Horrez gainera, kultura kontsumitzea "segurua" azpimarratu dute. Datorren astean udazkenerako programatu dituzten ekitaldien berri emango dutela aurreratu dute, gainera. 

Ehun kultur jardueratik gora egon dira uztailean, abuztuan eta irailean zehar Durangon. Egin diren 35 ikuskizunetako bederatzitan sarrerak agortu direla azpimarratu dute, hain zuzen ere. "Markeliñeren Psiken, Ganso&Ciaren Panoli Kabaretan, Sua taldearen kontzertuan eta egin diren lau Boluda Bingo saioetako hirutan sarrera guztiak saldu dira" azaldu du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak. Ihintza Orbegozo Plateruenako arduradunak ere ekitaldien pluraltasuna azpimarratu gura izan du. "Uste dugu egitarau bereziki aberatsa eskaintzea lortu dugula".

"Sortu diren sinergiak azpimarratu gura ditugu"

Durangoko kulturgune desberdinek elkarrekin antolatu dute Uda Kulturaz Blai zikloa. Modu horretara lan egiteak izan duen garrantzia azpimarratu dute kulturgune hauetako arduradunek. "Sortu diren sinergiak azpimarratu gura ditugu, horrek egitaraua oso aberatsa, eta publiko mota desberdinentzako modukoa egin du".

Estibaliz Albizuk eta Garazi Arrizabalagak, Bizenta Mogel bibliotekako eta Arte eta Historia Museoko arduradunek bietan egin diren tailerrek izan duten harrera ona azpimarratu dute. "Egin ditugun bisita gidatuak bete egin dira, eta bisita mota hauek urtean zehar ere egiteko aukera aztertzen ari gara" azaldu du Arrizabalagak. 

Udal gobernu taldea ere pozik 

Kulturguneetako arduradunek Durangoko Udalaren babesa nabarmendu dute, baita ere. "Berraktibazio planean 200.000 euro baino gehiago eskaini dizkiogu kulturari, kulturgintzak laguntza behar duelako, eta herria berpizteko gakoetako bat delako. Kulturaren aldeko apustu garbia egin gura izan dugu" azaldu du Ima Garrastatxu alkateak. Julian Rios alkateordeak ere kulturak duen garrantzia azpimarratu gura izan du. "Durangon kulturaz segurtasunagaz gozatzea posible dela erakutsi dugu".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!