[BIDEOA] Isiltasun gorgarri bat espetxe politika salatzeko

Anboto 2020ko ira. 5a, 19:11

Durangoko Santa Ana plaza jendez bete da gaur arratsaldean. Ehunka herritar batu dira espetxe politika salatzeko. Kontzentrazio isila izan da. 

Igor Gonzalez Sola euskal presoa hilik agertu zen atzo Martuteneko kartzelan (Donostia), eta horri erantzuteko kontzentrazioa deitu du gaur Sarek. Ehunka herritarrek erantzun diote deialdiari. Durangoko Santa Ana plazan batu dira herritarrak, 19:00etatik 19:30etara bitartean. Salbuespen legediak hiltzen du, pankarta irakur zitekeen kontzentrazioaren lehen lerroan. Kontzentrazio isila izan da, baina gorgarria izan da salaketaren oihartzuna.

Elkarretaratzearen bukaeran hitz-hartze labur bat egin dute. Azaldu dute Gonzalez Sola gaixorik zegoela eta joan den martxoan bete zituela kondenaren hiru laurdenak. Salbuespen araudiagatik, Gonzalez Solak “gainontzeko presoek dituzten eskubideak debekatuak” zituela azaldu dute. Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarrei eskatu diete espetxe politikaren erreforma sakon baten norabidean eragiteko. Hiru eskari zehatz egin dituzte: euskal presoen urruntze politikarekin amaitzea, larriki gaixotuta daudenak askatzea eta espetxealdiko graduen progresioa aplikatzea.

Biharko beste mobilizazio bat deitu du Sarek. Bilbon izango da. Plaza eliptikotik manifestazio bat abiatuko da 12:00etan.

Bilbokoa zen Gonzalez Sola. 47 urte zituen. 2005ean atxilotu zuren Donostian. Atxiloaldian torturak salatu zituen. Hilabete gutxi zeramatzan Martuteneko espetxean. Aurrez, Espainiar estatuko beste hainbat kartzelatan egon zen kondena betetzen. Joan den martxoan kondenaren hiru laurdenak bete zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!