42 emakumeren lanak biltzen dituen 'Sorginak' erakusketa ikusgai

Aritz Maldonado 2020ko ira. 4a, 10:15

Gaurtik aurrera, 42 emakume artistaren lanak ikusgai egongo dira Durangoko Arte eta Historia museoan. Erakusketaren abiapuntua XV. eta XVIII. mendeen artean sorginkeria leporatuta emakumeen aurka eginiko sarraskiak eta horiek gaur egun eragindako ondorioak dira. "Feminitate tradizionalaren arketipoa apurtu gura izan zuten milaka emakumeri egindako jazarpenak, torturak eta heriotza salatzen dituzten lanak biltzen ditu erakusketak. Alargunak, ezkongabeak, sendatzaileak, emaginak eta abar izan ziren gizatasunik barik utzi zituztenak; gure iraganagaz eta orainaldiagaz aurrez aurre ipiniko gaitu", azaldu dute museotik.

EnPoderArte AIMA elkarteak antolatu du erakusketa; 2014tik hona hainbat erakusketa egin ditu emakume artisten lanei ikusgarritasuna emanez.

Bisita gidatuak
Museoan egin ohi den legez, bisita gidatuak egingo dituzte artisten ikuspuntuan sakontzeko. Lehenengoa irailaren 11n izango da eta Goiuri Aldekoa-Otalorak durangarrak eskainiko du. Irailaren 19an Cristina Gutierrez Meursek eskainiko du bisita gidatua, eta 26an Gure beste sorginak berbaldia eskainiko du Gutierrezek. Bisita gidatuetan edo hitzaldian parte hartzeko, izena eman behar da. Erakusketa urriaren 4ra arte egongo da ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!