Ezkurdiko iturriaren hoditeria garbitu beharko dute bandalismo ekintza bat dela eta

Ekaitz Herrera 2020ko abu. 6a, 10:02

Durangoko Udalak jakinarazi duenez, abuztuaren 4ko goizaldean hainbat ezezagunek xaboia bota zuten iturriko ur-sistemara. Aparrak kalteak eragin ditu hoditerian eta ibairaino ailegatu da haren zati bat.

Mantentze lanetarako enpresa batek iturria osorik hustuko du aste honetan zehar. Hoditeria guztia garbitu beharko dute bertan egon daitezkeen xaboi arrasto guztiak erretiratzeko. Honetaz gainera, iturriaren ponpan eta sistema hidraulikoan bestelako kalterik eragin ote den ikuskatuko dute. Hala balitz, kalteak kuantifikatu beharko ditu udalak.

“Bandalismo ekintza honen ondorioz egin beharko diren lanok kostu bat izango dute udalarentzat, eta, modu ez zuzenean, durangar guztiontzat. Errespetua eta bizikidetza eskatu nahi diegu durangar guztiei”, adierazi dute udal ordezkariek.

Begi-bistako arrazoiengatik, iturriaren funtzionamendua etenga egongo da lanek iraun bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!