Durangoko fitness gela irekiko dute datorren astelehenean, segurtasun neurri zorrotzekin

Anboto 2020ko abu. 1a, 14:00

Astelehenetik ostiralera irekiko dituzte instalazioak abuztuan zehar.

Durangoko Udalak, Durango Kirolaken bitartez, fitness aretoa zabalduko du datorren astelehenetik aurrera, segurtasun neurri zorrotzekin, prentsa oharrean azaldu dutenez.

Fitness aretora sartu ahal izateko 8,12,16 sarrera edo sarrera libreko ikastaroan izena eman beharko da, Durango Kirolaken webgunearen bitartez, edo sarrera erosi plaza nahi den ordutegian erreserbatzean.

Aldez aurreko hitzorduaren erreserba Fitness aretoa - aldez aurreko hitzordua estekaren bidez edo erreserben menutik egingo da. Erabiltzailea webgunean erregistratu beharko da lehenbizi.

Aldez aurreko hitzordua erreserbatu ahalko da ordutegi hauetako batean:

  • 11:00-12:15
  • 12:30-13:45
  • 14:00-15:15
  • 15:30-16:45

 

Zerbitzua:

75 postu baino ezingo dira erabili (gutxienez 1,5 metroko tartearekin).

  • Makina/espazio erabilgarriak: gutxienez 1,5 metroko distantzia duten makina guztiak.
  • Ez erabilgarriak: pisu libreko eremua (barrak, diskoak …), salbu eta urruntasun-irizpidea errespetatzen ez duten eskulekuak eta makinak. Erabili ezin diren makinak zintaz baliogabetuta egongo dira.

Ez dago aldagelak erabiltzeko aukerarik. Ur hotzaren iturria martxan dago. Botilatxo pertsonala bete ahal izango da, baina ez iturritik bertatik zuzenean edan.

Edukiera 50 pertsonakoa da.

Gehienez 60-75 minututan erabili ahalko da aretoa.

Komunak irekita egongo dira, baina beharrezkoa bada bakarrik erabiltzea gomendatzen da.

 

Sarrera/irteera

Salbuespen moduan, irteera eta sarrera bat prestatuko dute larrialdietako ateetatik.

Sarrera: Bidegorritik. Arripausuetako futbol 7 zelaiaren ondoan. Espazio bat prestatu da erreserba duten pertsonek itxaron ahal izan dezaten, espazio nahikoarekin.

10 minutu lehenago joatea gomendatzen dute.

Sartu aurretik, nahitaezkoa da eskuak desinfektatzea

Motxilak uzteko gune bat egokituko dute.

Irteera Landako 2 eraikinaren fatxadara ematen duen larrialdi-atetik egingo da.

 

Norbera babesteko neurriak

Derrigorrezkoa da 2 toallekin joatea. Bata makinak babesteko da, bestea norberaren erabilerarako. Toallaren tamaina hondartza motakoa izan behar da (75zm x 150zm).

Nahitaezkoa da maskara erabiltzea instalazioko egonaldi osoan.

Salbuespenez, maskara kendu ahal izango da, ariketaren intentsitatea oso handia denean. Aretoko begiraleak emango du horretarako baimena.

Arau horiek aldatu ahal izango dira erakunde eskudunek emandako dekretu eta jarraibide berrien arabera.

Nahitaezkoa da gimnasioan erabiltzen den makina eta/edo material bakoitza desinfekzio-kitarekin garbitzea (lainoztagailua + papera) erabili aurretik eta ondoren. Horretarako, saioaren azken 5 minutuak erabiliko dira.

Durango Kirolakek izango dituen beste neurri batzuk:

Etengabeko garbiketa eta desinfekzio-zerbitzua aretoan, eta zerbitzu berezia txanden artean (15 minutu).

Segurtasuna zaintzeko eta Eusko Jaurlaritzaren jarraibideei jarraituz, aretoaren klimatizazioa ez da martxan egongo; aireztapena baino ez da egongo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!