Abonatuta ez daudenek eguneko sarrera erosi ahal izango dute Tabirako igerilekuetan

Anboto 2020ko uzt. 29a, 14:52

Abonatu gabekoek www.durangokirolak.net webgunetik egin beharko dute erreserba, egunean egunekoa, goizeko 9:00etatik aurrera.

Gaur hasita Durangoko udako igerilekuetan eguneko sarrera erosteko aukera izango dute abonua ez daukaten durangarrek. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute https://www.durangokirolak.net/ webgunearen bitartez. Prezioa 4 eurotakoa izango da, eta ordainketa txartelarekin web orrian bertan egin ahal izango da.

Gainera, erreserba egunean bertan egin ahal izango da 9:00etatik aurrera. Modu horretara, abonatuek lehentasuna izango dute aurreko egunetik erreserba egiteko.

“Ezohiko urte honetara ahalik eta modu eraginkorrenean egokitzen ari gara Durangon ere. Gauzak horrela, udako igerilekuak beste herri batzuetan baino lehen irekitzeko aukera izan genuen, eta orain beste pauso bat eman dugu. Gaur egungo egoerak sorrarazi dituen eragozpen guztiekin bada ere, durangarrentzat aisialdi eskaintza duin bat egiten saiatu gara”, adierazi dute udal ordezkariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!