[BIDEOA] Ortzadar maillotak egin du distirarik gehien Durango-Durango klasikoan

Joseba Derteano 2020ko uzt. 26a, 18:39

Annemiek van Vleuten munduko txapeldunak irabazi du lasterketa. Anna var der Breggenek eta Elisa Longok osatu dute podiuma. Ane Santesteban lehenengo hamarren artean sailkatu da.

37 urterekin bere ibilbideko unerik gozoenetakoan dago Annemiek van Vleuten herbeheretarra. Errepideko munduko txapeldunak hiru garaipen lortu ditu bost egunetan: Nafarroan bi astean zehar, eta Durango-Durango klasikoa, gaur. Laster hasiko den Women World Tour-eko egutegiari sasoi betean ekingo dio Mitchelton Scott taldeko ziklistak.

Gogor entrenatu da dagoen moduan egoteko. Adibide moduan, ekain hasieran 400 kilometroko entrenamendu baten osteko irudia partekatu zuen sare sozialetan: 11 ordutik gora eman zituen bizikleta gainean, 35.7 kilometro/orduko batez bestekoarekin. Hori gutxi balitz, oraintsu Alpeetan egon da prestaketa fintzen.

Gaur oso borroka polita izan dute van Vleutenek eta Anna van der Breggen herrikideak, gaur gaurkoz munduko txapelduna estu hartzeko kapaz den txirrindulari bakarrenetakoak. Van Vleuten bakarrik heldu da Goiuria gainera, baina orpoz orpo zuen van der Breggen, 15 bat segundora. Jaitsieran aldea mantendu egin da eta baita Momoitiorako igoera gogorrean zein handik helmugara arteko kilometroetan ere. 18 segundok banatu ditu. "Lasterketa nekagarria izan da oso erritmo bizian ibili garelako. Dena eman behar izan dut garaipena lortzeko", onartu du van Vleutenek probaren amaieran. Elisa Longo italiarrak osatu du podiuma, irabazlearengandik 1.05-era helmugaratuz. 

Azpimarratzekoa izan da Ane Santestebanen lasterketa. Hamargarren tokian sailkatu da WNT taldeko errenteriarra. Eider Merino izan da bigarren euskalduna eta Paula Suarez hirugarrena.

Ezkerritik hasita: Elisa Longo, Annemiek van Vleuten eta Anna van der Breggen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!