Sorginen Lasterketa egitea erabaki dute eta irailaren 19an izango da

Anboto 2020ko uzt. 24a, 09:42
Aurreko aldi bateko irudia.

Erakundeen aldetik oniritziak jaso ostean "animatu egin gara prestaketekin aurrera egiten", azaldu dute. 

Denbora aurrera zihoan eta zirt edo zart egin beharrean zeuden. Azkenean, Sorginen Lasterketarekin aurrera egitea erabaki dute antolatzaileek. Irailaren 19an izango da "COVID-19 ak sortu duen egoera honetan atzerapauso berririk ez baldin badago, behintzat", ohar batean azaldu dutenez.

Ondo pentsatuta eta erakunde askorekin kontsultatuta hartu dute lasterketa antolatzeko erabakia. "Ez da erabaki erraza izan, baina azkenean Atxondoko Udala, Aldundia, babesle eta laguntzaileen oniritziak izan ditugunean animatu gara prestaketekin aurrera egiten". Mendi Federazioak bidalitako osasun protokolo guztiak betez egingo dute aurtengo Sorginen Lasterketa, korrikalari, laguntzaile eta ikusleen "osasuna zaintzeko segurtasun neurriak bermatuz".

"Ez da denok nahi genukeen edizioa izango, birus honek ez baitigu utziko gure lasterketan hain berezkoak diren ezaugarrietaz gozatzen", azaldu dute. Esaterako, ez dute amaierako paella erraldoia egingo. Aldaketarik handiena korrikalarien irteera orduetan egongo da, talde txikietan antolatu dutelako irteera.

Bihar, uztailaren 25 ean aurre-inskripzioak zabalduko dituzte kirolprobak.com atarian, eta han izango da ikusgai protokoloen gaineko informazio guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!