Negozioei eta autonomoei bideratutako diru-laguntzak atera ditu Durangoko Udalak, 500.000 euroko diru-poltsa batetik

Anboto 2020ko uzt. 24a, 09:27

Eskatzaile bakoitzak 800 euro jaso ahal izango ditu gehienez. Datorren astelehenetik irailaren 30era egin ahal izango dira eskaerak.

Durangoko Udalak datorren astelehenean argitaratuko ditu COVID-19k sortutako ondorioei aurre egiteko herriko negozioentzako eta autonomoentzako diru laguntzak. Horretarako, 500.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, 2.301.849 euroz hornitutako eta herriko hainbat eragilerekin egindako Suspertze Plan baten barruan.

Dekretua astelehenean argitaratuko da, eta eskaerak irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira. Krisialdian negozioa itxi behar izan dutenei edo fakturazioa %75 baino gehiago murriztu dutenei emango zaizkie laguntzak. Hori justifikatzeko, apirila hartuko da erreferentziatzat – pandemiaren hilabeterik gogorrena –, eta iazko azken seihilekoaren batez bestekoarekin alderatuko da. Oinarrizko laguntza 600 eurokoa izango da negozioa ixten bada, eta 450 eurokoa fakturazioa %75 baino gehiago jaisten bada.

Gainera, 200 euroko laguntza osagarria egongo da lokal baten alokairua ordaintzen dutenentzat, baina laguntza hori bateraezina izango da Lanbidek eskaintzen duenarekin –hala ezartzen du Lanbidek eskaintzen duen laguntzak–.

Lanbidek hasiera batean eskaini zituen laguntzetan ez bezala, Udalaren laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia erregimenean egingo dira. Hau da, laguntzak baldintzak betetzen dituenari eskainiko zaizkio, ez horiek bete eta lehenengo aurkezten denari.

"Garai gogorrak izan dira, eta horietan langile eta enpresa txiki askok oso gaizki pasatu dute. Horregatik, Udaletik lagundu egin nahi diegu krisi honek kolpatu dituen pertsona horiei guztiei. 2.301.849 euroko Suspertze Plana egin dugu sindikatu, alderdi politiko, merkatari, elkarte, eta abarrekin batera, herri gisa aurrera jarraitzeko helburuarekin", azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Diru laguntzen oinarriak eta eskaera eredua datorren astelehenetik aurrera kontsultatu ahal izango dira Udalaren webgunean, www.durango.eus helbidean. Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Udaleko Erregistro Orokorrean, edo 639 580 023 telefonora deituta.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!