“Kontzertua eskaintzea bera itzela izango da; bost hilabete daramatzagu jo barik”

Aritz Maldonado 2020ko uzt. 27a, 10:25
Asier Elias, eskuman.

Gizakiaren sustraia Afrikan dagoela aldarrikatzeko asmoz, "genetikan daramagu", eta musika beltzak beraienean duen eragina nabarmenduz, hitz jokoa prestatu dute Iparbeltzok taldeko kideek. Jon García del Val, Andrés Navascués, Aitor Moreno eta Asier Elias durangarrak osatzen dute taldea. ANBOTOren galderei erantzun die Eliasek.

Noiz sortu zenuten Iparbeltzok?
Musika arloko goi mailako ikasketak ditugun lau kidek osatzen dugu Iparbeltzok. Jonek eta biok Iruñean ezagutu genuen elkar, elkarrekin ikasi genuen-eta. Aitorrek eta Andresek, ostera, Musikenen egin zituzten ikasketak. Gradu Amaierako Lana Aitor eta Jonekin montatu nuen. Askotan jo izan dugu elkarrekin, jazz edo blues proiektuetan, eta gure kabuz proiektu bati ekitea erabaki genuen gero.

Askotan jo duzue elkarrekin, beraz.
Bai, hori da. Aitor eta Jon arrasatearrak dira, eta askotan joaten naiz hara edo eurak etortzen dira hona entseatzera. Badugu beste proiektu bat elkarrekin, baina Iparbeltzok jazz doinuetan dago oinarrituta. Blues kutsu nabaria du, eta soinu elektrikoa; ez da fusio edo rock doinuetara iristen, baina soinu elektrikoa du gure jazzak.

Capsula taldeko Martin Guevaragaz berba egin, eta jazza grabatzea gura zuen. Hori dela eta, bost
abesti eta bideo batzuk grabatzea erabaki genuen. Taldearen aurkezpen txartel moduan erabiltzeko baliagarria izango litzatekeela pentsatu genuen guk ere.

Grabaketako doinuak izango dira kontzertuko ardatza, beraz.
Hori da, soinu elektrikoa izango da oinarria. Abesti propioren bat ere joko dugu, baina gurera ekarritako abestien bertsioak izango dira gehienak. Jazzean ohikoa da estandarrak hartu eta moldatzea. Nahikotxo inprobisatzen dugu, eta psikodelia ere ukitzen dugu batzuetan. Moldaketa batzuk prestatuak nituen aurretik, eta entsegu lokalean lantzen joan gara ostean.

Nola sentitu zara estudioan jazza grabatzen?
Gustura, momentuka estresatuta ere sentitu naizen arren. Izan ere, egun bakarrean grabatu genuen guztia. Horrelako grabaketa batek asko nekatzen du mentalki, tentsioagatik. Izan ere, oso adi egon behar zara kideak egiten dionari. Musika askea da gurea, eta nik zuhaitz bat bezala imajinatzen dut: adar bat irten ahala, adi egon behar zara, nondik irtengo den ikusi eta hari jarraitzeko.

Nire lehenengo esperientzia izan da estudio batean jazza grabatzen, eta kristoren esperientzia izan da. Martin aurretik ere ezagutzen nuen, Mocker´s-ekin ere Silver estudioetan grabatu dugulako, eta kristoren esperientzia izan da ostera ere. Oso pozik nago lortu dugun soinuagaz, eta Martinek ere oso pozik dagoela esan zigun. Egun bakarrean egindako lana izateko, oso txukun geratu dela uste dut.

Nola baldintzatu dizu koronabirusaren agerpenak uda?
Musikagintza beti izan da prekarioa, baina oraintxe bertan oso txarto dago kontua. Arlo horretan, Plateruenak egin duen ahalegina eskertu gura genuke. Musikariok askotan klaseak ere ematen ditugu, baina teknikariak, adibidez,  guztiz baztertuta daude, eta askok udan lan egiten dute, gainera. Musika edo kultura orokorrean, nahiko baztertuta daudela ikusten dut, eta beharrezkoa da bultzada bat ematea. Babes handiagoaren falta igartzen da. 

Ez da Plateruenean jotzen duzun lehenengo biderra.
Kontzertua bera jotzea itzela izango da, bost hilabete daramatzagu-eta zuzenean jo barik. Durangon jotzea, eta are gehiago Plateruena moduko leku batean, gozamena da. Soinu itzela egoten da, eta publikoan beti dago ezagunen bat. Horrelako kontzertuetarako oso polit jartzen dute dena, gainera.

Zein duzu hurrengo erronka?
Irailean Herbehereetara joango naiz, master bat egitera, Groningeneko Unibertsitatera. Master Amaierako Lanera begira, Tool musika taldearen konposatzeko metodoa aztertzen ari naiz. Bide horretan sakondu gura dut, nire proiektu musikal propiorako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!