Jaietara bideratzekoa zuen diruaren zati bategaz, San Faustoko frontoia berrituko du Durangoko Udalak

Anboto 2020ko uzt. 22a, 19:45

Pinondo Etxearen beheko solairua berritzeko aurreikusia zegoen dirua (220.000 euro) TAO zerbitzuaren kontratura eta Alde Zaharreko sarbideak berritzera bideratuko dira. Jaietako diruaren zati bat (185.000 euro) San Faustoko frontoia berritzera eta auzoetako azpiegitura elektrikoak hobetzeko baliatuko dira.

Gaur egindako osoko bilkuran, pandemia iritsi baino lehen aurreikusita zeuden inbertsio batzuk berdiseinatzea erabaki du Durangoko Udalak. Bi dira aldaketa nagusiak. Bat: San Fausto jaiak egingo ez direla eta, jaietako diruaren zati bat beste inbertsio batzuetara bideratzea erabaki dute. Zehatz esanda, 50.000 euro bideratuko dira San Fausto auzoko frontoia berritzera, eta beste 135.000 inguru baliatuko dituzte herrian zehar puntu elektriko berriak ipintzeko. Alde egin dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Kontra, EAJk eta PSE-EEk. Jorge Varela zinegotziak (Herriaren Eskubidea) esan duenez, azpiegiturak hobetzeak ekitaldi kulturalak antolatzea ahalbidetuko du aurrerantzean. 

Bigarren erabakia Pinondo Etxeagaz doa lotuta. Hasiera batean, udalak 220.000 euroko inbertsioa egin gura zuen Pinondo Etxeko beheko solairua hobetzeko, baina diru hori TAO zerbitzuaren kontratura eta Alde Zaharreko autoen eta oinezkoen sarbideak hobetzera bideratuko da. Alde egin dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Aurka, EAJk eta PSE-EEk.

Pinondo Etxea “hiltzen uztea”

Mireia Elkoroiribek (EAJ) Pinondo Etxea “hiltzen uztea” egotzi dio gobernu taldeari. Gauza bera erantzun dio Iker Urkizak (EH Bildu). “2009ko txosten batek eraikinaren egoera txarraz” ohartarazi zuen arren, orduko gobernu taldeari (EAJ-PSE-EE) eraikina “hiltzen” utzi izana egotzi dio.  Txosten hartatik 10 urte pasata, Pinondo Etxea are eta egoera okerragoan dagoela esan du udalak. 220.000 euro haiek “behin-behineko” egonkortasun bat eskaini zezaketen, baina denborak eraikina txartu duela eta gutxieneko inbertsio hura 1.000.000 euroan dago gaur egun, udal gobernu taldearen esanetan. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!