Durangoko atletismo pista udazken hasierarako erabilgarri egotea gura du udalak

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 20a, 12:26

Durangoko Udalak azaldu du eraberritze lanak "erritmo onean" doazela eta dena ondo badoa, atletismo pista udazken hasieran egongo dela erabilgarri. "Euskal Herri mailako pistarik onenetakoa eta osatuenetarikoa" izango da, udalaren arabera.

Durangoko Udalaren arabera, bertako atletismo pista "Euskal Herri mailako pistarik onenetarikoa eta osatuenetarikoa lortuko da" behin obrak bukatuta. “Durangon ariketa fisikoa egiteko baliabide aproposak izan gura ditugu, eta horrelako lanek norabide horretan laguntzen dute. Lehiaketarako izan ala ez, durangar osasuntsuak nahi ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek.

Atletismo pista eraberritzeko lanak martxoaren hasieran ipini ziren martxan, koronabirusaren krisialdiak eztanda egin baino lehenago. Udalak dioenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta udalaren beraren lankidetzari esker egingo dira lanak. Eraberritze lanek 591.193,9 euroko aurrekontua dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!