Paganinik Yogurinha Borova artistaren laguntza edukiko du. Eurekin batera Ibai Sanchez musika-jartzailea ere arituko da. "Yogurinha bingo saioetako anfitrioia izango da. Kantak abestuko ditu eta performanceak ere egingo ditu disko-jartzaileagaz batera. Ni umore ukitu bat ematen ahaleginduko naiz, inprobisatzen", azaldu du Cecilia Paganinik. "Ohiko bingo jolasa izango da, baina saio bakoitza bakarra izango da, abestien eta publikoaren arabera inprobisatuko dugulako. Oso ondo pasatuko dugu", gaineratu du.
Bertaratzen den bakoitzak kartoi bi jasoko ditu jokatu ahal izateko. Saioak 21:00etan izango dira eta Plateruenako terrazan izango dira (eguraldi txarra eginez gero, barruan egingo dira). Bertaratzen direnek opari bereziak jasoko dituzte.
Uda bete ekitaldi
Uztailagaz batera hasi zen Uda Kulturaz Blai! jaialdia Durangon. Los Cazahuates eta Africa taldeen kontzertuekin eta Haatik eta L´Atelier konpainien dantza emanaldiagaz hasi zen jaialdia. Segurtasun neurri bereziekin eman zaio hasiera uda kulturalari. Uztailean eta abuztuan zehar ekitaldi gehiago egongo dira.