“Geroago eta gazte gehiago doa AEBetara, ikasketak eta kirola uztartzeko eskaintzen dituzten erreztasunengaitik"

Joseba Derteano 2020ko uzt. 11a, 10:50

Ameriketako Estatu Batuetan, futbolarekiko zaletasuna hazten ari da urterik urtera. Geroago eta kirol errentagarriagoa da. Erronka da zelan parekatu interesean emandako hazkundea zelai barruan eskaintzen den ikuskizunagaz; hau da, zelan hobetu futbolari estatubatuarren batez besteko maila. Bada, dakitenengandik ikasita. Horretarako, talentu gazteak erakartzeko, unibertsitate askok diru-laguntza sistema tentagarriak dituzte eta erraztasunak eskaintzen dituzte ikasketak kirolagaz uztartzeko. Juan Basabe Baqué (Durango, 2001) horrelako aukera bati eskerrak joan zen harantza iazko abuztuan.

Donald Trumpek asteon iragarri du ez dietela bisarik emango atzerriko ikasleei, baldintza konkretu batzuk bete ezik. Zein da zure egoera?
Trumpen iragarpena jakin bezain laster, hango unibertsitateko entrenatzaileagaz hartu-emanetan ipini nintzen. Joan naitekeela esan zidan, nire klaseetako zati bat baino ez delako Internetez. Hau da, klase batzuk presentzialak dira. Beraz, alde horretatik behintzat ez dudala arazorik izango esan zidan. Hori bai, ikusi egin beharko da aurrerago zelan dagoen han egoera edo hegazkin bidezko bidaiak baimenduta dauden. 

Koronabirusak eragindako koarentena hemen pasatzea erabaki zenuen.
Martxoan zehar, unibertsitateko aurrez aurreko klaseak bertan behera uzten hasi ziren eta, gainera, hemen egoera okerrerantz zihoan. Koarentena berdin-berdin igaro beharko nuen han edo hemen, eta berandu baino lehen itzultzea erabaki nuen.

Une honetan zein da hango egoera? Zer kontatzen dizute hango lagunek?
Murriztapen batzuk dituzte, baina kasik ohiko bizitza egiten ari dira. Esango nuke hasieratik dabiltzala horrela. Kalean edo euren etxeetan elkartzen ikusi ditut, sareetan elkarbanatu dituzten irudietan. Koronabirus kasuak gorantz doazela ikusten dut oraindino, baina ez dakit ba… Arduratuta daude, baina ez dut somatzen aparteko beldurrik.

Zelakoa da han futbolaren egitura unibertsitate mailan?
Ameriketako Estatu Batuetan futboleko maila bi daude unibertsitate mailan: NCAA eta NAIA. Azken hori da maila nagusia. Ni NCAAn aritu naiz orain arte. Ematen zidaten bekagaitik eta orain urte bi Estatu Batuetako txapeldun geratu zirelako aukeratu nuen Texaseko unibertsitate hori. Aukera ona zen.

Hemengo futbolagaz alderatuta, zelakoa da han duten maila?
Egunetik egunera, hobea. Geroago eta gazte gehiago doa AEBetara ikasketak eta kirol jarduera uztartzelo eskaintzen dituzten erreztasunengaitik. Gainera, bekek ikasketak ordaintzen laguntzen dute. Ez dut erraztasun horiek eskaintzen dituen beste herrialderik ezagutzen. Munduko futbol talde handietako harrobietan dabiltzan gazte askok ere harako bidea hartu dute.

Zure taldean nazionalitate askotako jendea dago?
Nire taldean hegoafrikarrak, italiarrak, ingelesak, mexikarrak… egon dira. Atera kontuak hortik.

Zelakoa da hango bizimodua?
Hango bizitzeko erak ez du zerikusirik hemengoagaz. Goizetan kafe bat lasai hartzea edo lagunekin frontenisean jokatzea… Han ez dut horrelako gauzarik ikusi. Zer egiten duten? Merkataritza gune handietara joaten dira, edo kirola ikusten dute. Eta kotxea hartzen dute edonora joateko. Nik askoz gurago dut hemengo bizitzeko era. Gero, lurraldea bera ere desberdina da. Texasen, kalera irten, zeruertzera begiratu eta ez dago ezer. Kolore horiko lautada baino ez, pelikuletan agertzen den modukoa. Ez dago hemengo mendirik eta paisaia berderik.

Horregaitik erabaki zenuen tokiz aldatzea?
Bai, beste zerbait gura nuen. Ipar Karolinako unibertsitatearen berri izan nuen. Han entrenatzaile espainiar bi eta beste ingeles bi dabiltza. Nire moduan ikastera joan ziren, eta orain han bizi dira. Nire promozio bideoak gustatu zitzaizkien eta fitxatu egin ninduten. Ilusionatuta nago. Batetik, unibertsitate hartako taldea NCAA mailan dabilelako, eta, bestetik, hango paisaiak hemengoagaz antz handiagoa duela dirudielako.

Durangoko Kulturalean hezi zinen futbolari moduan eta 17 urtegaz debutatu zenuen lehen taldean. Zelan gogoratzen duzu?
Federazioen arteko Kopan izan zen, Real Unionen kontra. Egia esanda, lasai zelairatu nintzen, konfiantzagaz. Ez dut gogoratzen horrelako egoeretan ohikoa den urduritasunik. Kulturaleko maila guztietan aritua naiz eta lehen taldeagaz debutatzea oso polita izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!