“Zuzenekoetan tarte gehiago dago inprobisatzeko, libreago gaude hor”

E.H./A.M. 2020ko uzt. 10a, 12:00

Ekuru taldeak izen bereko diskoa aurkeztuko du gaur jendaurrean; 21:00etan Plateruena Kafe Antzokian arituko dira. 

Ekuru taldea "gogotsu" dago taula gainera igo eta izen bereko diskoa durangarren aurrean aurkezteko. Izan ere, apirilean zen Ekuru jendaurrean aurkeztekoa, baina koronabirusaren agerpenak dena hankaz gora ipini zuen. "Ez genuen ia esperantzarik diskoa jendaurrean aurkeztu ahal izateko; hala ere, udalak antolaturiko egitarau honek irten du, eta pozten gara gutaz gogoratu direlako", azaldu du Ander Erzilla Ekuru proiektuaren sortzaileak. Hainbat olerki eta testu oinarri hartuta, jazz kutsuko doinuez jantzi zituzten diskorako; Luis Anselmi poeta bilbotarraren lana abiapuntu hartuta ekin zioten konposaketa lanei; beste kantuetariko baten hitzak Andoni Mujikarenak dira. "Niretzat ezinbesteko garrantzia du kantuaren barneko testuak edo poemak ondo helarazteak. Musikak hitzari lagundu behar dio, eta ez alderantziz", azaldu du Erzillak. Kontzertuan ere modu beretsuan arituko dira. Ekuru osatzen duten zazpi abestiez gainera, lantzen aritu diren beste piezaren bat ere aurkeztuko dituzte. "Zuzenekoetan tarte gehiago dago inprobisatzeko, hori oso gustuko dugu, eta libreago gaude hor", azaldu du Erzillak.

Zuzenekoaren garrantzia

Diskoaren grabaketan parte hartu zuten musikariak igoko dira Plateruenako terrazan ezarritako oholtza gainera. Ander Erzillagaz batera, Irati Bilbao (ahotsa), Mikel Nuñez (pianoa), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Iñaki Jaio (bateria) arituko dira. "Desberdina da zuzenekoetan edo grabaketan jotzea. Publikoagaz sortzen den hartu-eman hori berezia da", gaineratu du Erzillak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!