'Hemen bai' plataforma digitala sortu dute Durangon, herriko komertzioentzat online denda bat jartzeko helburuagaz

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 8a, 12:30

Durangoko Udala eta Dendak Bai elkartea 'Hemen Bai’ plataforma digitala sortzeko informazioa biltzen hasi dira, herriko saltoki guztientzat balioko duen online salmenta gunea eratzeko. Durangon zerbitzuen sektorean lan egiten duten negozio txiki guztientzako egongo da eskuragarri atari berria, Dendak Bai elkarteko bazkide izan ala ez. Irailaren 7an aurreikusi dute martxan egotea.

Plataforma digital berriaren arduradunak astelehenean hasiko dira informazioa batzen kalez kale, herriko komertzio txikietan. Hartara udal arduardunek sektoreko enpresei gonbidapena egin die bisitatzen dituzten profesionalekin hartu-emana izan dezate. Behar bezala akreditatuta joango direla argitu dute.

COVID-19k sortutako krisia arintzen laguntzeko herriko hainbat eragilerekin batera egindako Berraktibazio Planaren neurrien barruan jarri da martxan proiektu hau, eta, komertzio  txikia "bultzatzea" du helburu. Parte hartzera "animatu" dituzte dendak bai Aritz Bravo zinegotziak bai Alex Palacios 'Dendak Bai elkarteko presidenteak. Durangoko Udalak 30.000 euro inbertituko ditu tresna digital honetan, "herriko hirugarren sektoreko saltoki, autonomo eta enpresa guztiek euren zerbitzuak doan eskaini ahal izan ditzaten", argitu dutenez. 

'Hemen Bai 'plataformarekin batera, Durangoko Merkataritza Birgaitzeko Plan Berezia egiten ari da udala. Lehen fasean, saltokietako bezeroen datuak eta informazioak bildu dira, eta, orain, inkesta bat jarriko da merkatarien eta ostalarien eskura udalaren webgunean: www.durango.eus 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!