Durangoko jaiak bertan behera uztea erabaki du jai batzordeak

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 7a, 19:08

"Gisa honetako erabakiak hartzea mingarria den arren, arduraz jokatzea ezinbestekoa" dela iritzi dio Durangoko Udalak eta herriko eragileek osatutako jai batzordeak. "Erabakiaren helburua koronabirus foku berririk ez sortzea da"

Ekainetik hona hainbat bilkura egin ditu jai batzordeak. San Fausto jaiak bertan behera uzteko erabakia aho batez hartu dute. "Guztion osasuna da jokoan dagoena eta erantzunkizunez jokatzea dagokigu, beraz, aurten, ezin izango dugu ekintza jendetsurik ospatu", azaldu du Durangoko Udalak sare sozialetan publiko egindako oharrean. Hainbat izan dira azken egunotan udalarekin batutako eragileak: Durangoko auzoetako elkarteak, Txosna batzordea eta Durangoko Alde Zaharreko Tabernarien elkarteko kideak egon dira.

Kultur ekintza gehiago

Jaien ordez, ekintza kulturalen agenda indartzeko aukera aztertuko du udalak. Udazkenera begira, dagoeneko martxan dagoen Uda Kulturaz Blai programa zabaltzea aztertzen dabil udala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!