“Hain denboraldi ona egin eta gero, erabaki gogorra izan da igoera faseari uko egitea”

Joseba Derteano 2020ko uzt. 4a, 10:30

Sasikoa sekulako denboraldia egiten zebilen Hirugarren Mailan osasun krisia heldu zen arte. Ostean, Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzeko eskubidea zuen, baina uko egin dio. Francis Muñoz (Ciudad Real, 1975) klubeko presidenteak erabaki gatx horren arrazoiak eman ditu eta denboraldi berrirako zer asmo dituzten kontatu du.

Zergaitik egin diozue uko igoera fasea jokatzeari?
Arrazoi nagusietariko bat da ez dakigula Bigarren B Mailan aritzeak zer gastu ekarriko ligukeen. Izan ere, oraindino ez dakigu maila hori zelan berrantolatuko duten eta zenbat diru behar dugun joan-etorrietarako. Badakigu gure aurrekontua nahikoa dela Hirugarren Mailan jokatzeko, baina Bigarren B Mailarako… Kontua da mailaz igo ondoren uko eginez gero, isun ekonomikoa jasotzeaz gainera ezingo genukeela hurrengo denboraldian mailaz igo. Asko arriskatzea iruditzen zitzaigun. Horrez gainera, COVID-19ak eragindako ziurgabetasunaren arazoa ere hortxe dago. Azkenean, hamaika kontu baloratu ditugu erabakia hartu aurretik.

Zer diote jokalariek?
Gehienak ados zeuden ez igotzeko erabakiagaz. Bozketa bitartez erabaki genuen ez jokatzea. Hortik aurrera, batzuek igoera fasea jokatu gura zuten, sari moduan, eta beste batzuek gurago zuten ez jokatu, prestaketa faltagaitik.

Sare sozialetan aipatu duzue igotzeko aukerari uko egitea azken urteetako erabakirik konplikatuena izan dela.
Zorionez, erabakiak taldean hartzen ditugu. Azken batean, jokalari asko zuzendaritzan daude. Ni neu taldeko jokalaria ere banaiz. Edozelan ere, hain denboraldi ona egin eta gero, erabaki gogorra izan da igoera faseari uko egitea. Azken batean, klub moduan hazi egin gura dugu, eta, horretarako, goragoko mailetara igotzea da onena. Baina, tira, geure lana egiten jarraituko dugu; hazten jarraitu gura dugu. Ez dugu areto-futbolera denborapasa bakarrik doan taldea izan gura.

Zein da hazten jarraitzeko errezeta?
Esaterako, talde guztien koordinazioa eramango duen kirol zuzendari bat fitxatu dugu. Gainera, prestatzaile fisiko aritzeko titulua du eta jokalari ere arituko da. Katalana da eta Eibarren bizi da. Bigarren Mailan jokatu du, Debabarrena taldeagaz, eta, beraz, badu esperientzia. Hurrengo denboraldira begirako apustu bat da.

Jokalarien aldetik, zelan dago talde nagusia?
Pare bat jokalari kenduta, beste denek jarraitu egingo dute. Elorriotik jokalari bat etorriko da. Aurretik gugaz egondako beste bi itzuli egingo dira. Futbola probatu gura izan dute eta ez zaie gustatu. Gainerakoak filialetik edo gazteen taldetik hartuko ditugu.

Beste aldaketa bat aulkian izan da. Aitor Darokak talde nagusiko entrenatzaile izateari utzi dio, sei urteren ondoren. Zergaitik?
Ziklo baten amaiera heldu da. Bere aldetik eta gure aldetik, horixe ikusten genuen. Urteetan egin duen lana ikaragarria izan da: nagusien taldean, harrobian... Landako ikastetxeagaz sinatutako akordioa berari eskerrak izan da… Eskerrak ematen dizkiogu, asko eman digulako.

Iker Saenz de la Cuestak hartu du bere tokia. Urteetan Elorrioko Buskantzan aritu da. Esaterako, bera izan zen entrenatzailea Buskantza Bigarren B Mailan ibili zen urtean. Zelan konbentzitu duzue?
Aitor Darokak proposatu zigun. Guk beste bi-hiru izen genituen buruan, eta Ikerrek beste eskaintza bat ere bazuen. Azkenean, beragaz berba eginda, akordio batera heldu ginen.

Zer eman diezaioke taldeari?
Talde bat eramateko behar diren gaitasunak dituela erakutsi du Elorrion, eta horixe bilatzen dugu. Gainera, etxekoa da, durangarra, eta gertutik ezagutzen du inguruko areto-futbolaren egoera.

Emakumen taldea berreskuratzea urtero buruan duzuen zerbait da, baina azkenean ez da gorpuzten. Zelan dago kontua aurten?
Une honetan bertan ez dago emakumeen taldea sortzeko aukerarik. Guk, badaezpada, urtero ematen dugu taldearen izena federazioan. Gero, isun bat ordaindu behar izaten dugu uko egitearren, baina, tira, gurago dugu gutxienez azken unera arte ahalegindu. Gatx dago. Sare sozialen bitartez eta ahoz ahokoagaz ahalegintzen gara, baina… Hiru-lau neskagaz bakarrik ezin dugu talderik sortu. Beharbada Mendibeltz klubagaz [Durangoko emakumeen areto futbol talde bakarra] akordio batera heltzea izan daiteke irtenbidea. Bion artean klub bakar eta indartsu bat sortzea. Orain pare bat urte horretan ahalegindu ginen, baina ez zuen aurrera irten. Dena dela, aurten ere azken unera arte ahaleginduko gara emakumeen taldea sortzen. Interesa duen edonor gugaz hartu-emanean ipini daiteke.

Beste ezer gehitu gura duzu?
Gure babesleei zein Durangoko Udalari eskerrak eman gura dizkiogu. Euren laguntza ezinbestekoa da guk aurrera jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!