Novaltia banaketa enpresako hainbat langilek urtebete daramate greban eta kontzentrazioak deitu dituzte Durangon uztailaren 7rako

Joseba Derteano 2020ko uzt. 2a, 10:10

Novaltia farmazietarako botiken banaketan aritzen den enpresa da. Horregatik, Durangoko Gaztelumendi eta Navarro farmazien parean egingo dituzte elkarretaratzeak.

Gaztelumendi farmazia pareko kontzentrazioa 11:00etatik 11:45era izango da. Ostean, 12:00etan, Navarro Aranda botikaren parean elkartuko dira orduerdiz.

Durangon ez ezik, Bizkaiko beste hainbat herritan ere euren egoera sozializatzen ibiliko dira uztailean zehar. Mobilizazio nagusia Bilbon egiteko asmoa dute, uztailaren 22an, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Hain zuzen, egun horretan beteko da urtebete langileak greban hasi zirenetik.

Novaltiaren banaketa sarea estatu osoan hedatuta dago. Horregatik, egunotan langileak Zaragozan daude beste mobilizazio batzuk egiten.

Lan Ikuskaritzak "bat ere kasurik ez"

Enpresa hitzarmena dago protesten muinean. Bere sasoian ez zuten zuzendaritzagaz akordiorik lortu eta gainera Novaltia “estatu mailako hitzarmena ezartzen” saiatu da, ELAren esanetan. Enpresako zuzendaritza “jarrera beligerentea” izatean eta “langileak ordezkatzen” ari dela salatu du Andoni Eizmendik, ELAko Industria eta Eraikuntza arloko arduradunak. Gainera, Lan Ikuskaritzak ez diela “bat ere kasurik egin” adierazi du.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!