Mireia Delgado aktibista feminista durangarrak 'Trans Sexualitateak' liburua aurkeztu du

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 1a, 17:55

Liburua Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak argitaratu dute. Delgado izan da lanaren koordinatzailea. Liburua asteon ipini dute salgai Durangoko liburu-dendetan

Liburuak hausnarketa eragin gura dio irakurleari, eta gizarteak ohikotzat -arautzat- hartzen dituen identitate, genero eta sexualitate rolak auzitan ipintzeko tresna lagungarria izan gura du. Heteropatriarkatua desobeditzera deitu du Delgadok. "Lesbianismoa nondik datorren galdetu beharrean, nire ustez hautu modura ulertu behar dugu. Etengabe ari gara moldatzen, etengabe eraldatzen, eta horrek araua begiratu beharra dakar", esan zuen atzo San Agustin kulturgunean egindako aurkezpenean. "Araua betetzen ez dugun aldiro, kalean, lanean, etxean,... araua arrakalatzen ari gara. Transmisore ibiltariak gara", azaldu zuen. Aurkezpena Lo Eizagirre aktibista transexualarekin batera egin zuen.

Liburua duela bi urte argitaratu zen arren, martxoan aurkeztu behar zuten herririk herri. Koronabirusak dena desegin duela eta, asteon egin dute Durangokoa. Aurrerantzean, liburua Durangoko liburu-dendetan salgai egongo dela aurreratu zuen Delgadok.

Liburuaren aurkezpena Ekainaren 28ko aldarrikapenen testuinguruan antolatu zuen Durangoko Bilgune Feministak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!