Irailean hasiko dituzte Durangoko Aramotz auzoko Errotaritxuena parkeko lanak

Anboto 2020ko uzt. 1a, 14:43

Lanak uztailean hastea aurreikusita zegoen arren, irailean ekingo diete Errotaritxuena parkeko lanei. Modu horretara, orain arteko parkea irekita egongo da udako hilabeteetan zehar, "jendeak berdeguneaz gozatu ahal izateko", udalak ohar batean informatu duenez.

Udal arduradunak bertako auzo elkartearekin batu ostean, alde biak ados agertu dira lanak irailean hastearekin, oharrak jasotzen duenez. Besteak beste, abuztuan zehar ‘Uda Kulturaz Blai’ kultur programazioaren ikuskizun batzuk ere bertan egitea planteatu dute arduradunek, "beti ere segurtasun protokoloak betetzen direla ziurtatzen bada".

300.000 euroko aurrekontua

Lanek 300.000 euroko aurrekontua izango dute, eta hiru hilabeteko egikaritze-epea. Auzotarrekin batera adostutako parke berriak adin ezberdinetarako espazio eta elementu berriak jasoko ditu, besteak beste, haurrentzako ur-parke berri bat.

Gainera, ume eta haurrentzako jolasgunea (txintxaunak, tirolina, …) elementu naturalez (egurra, sokak, …) hornituko da, eta askotariko ekitaldiak egiteko gune bat atonduko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!