"Inork ez digu ziurtatzen abenduan nola egongo garen, eta parean dugun egoera zaila da" azaldu du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak. Kulturak konfinamendu garaian izandako garrantzia azpimarratu du Mujikak, baita ere. "Kulturak salbatu egin gaitu konfinamendu garaian, eta orain sektore kaltetuenetako bat da. Kultura zein beharrezkoa den ohartzeko balio izan digu". Hain zuzen ere, TaupaDA! leloagaz mezu baikorra zabaldu gura da. "Beste urte batez, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du Durangoko Azokak, euskal kulturgintzari hauspoa emanda".
Digitalaren indarra
Normaltasun berriaren ezaugarrietako bat jende pilaketak ekiditea den heinean, osasun eta segurtasun neurriak betetzeko protokolo berezia lantzen ari da Gerediaga. Besteak beste, sarrera kontrolatuko da, eta zuzeneko aurkezpen, emanaldi eta ekitaldiak murriztuko dira. "Streaming bidezko emanaldiak ugarituko dira, eta nahieran webgunetik ere jarraitu ahalko dira. Horrez gainera, 2020ko argitalpenak www.durangokoazoka.eus webgunean erosi ahalko dira" azaldu du Arantza Atutxa kudeatzaileak.
Esan bezala, Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra izango da aurten. Ikastetxeei zuzendutako egunerako programazioa ere euskarri digitalera moldatuko da. "Antolaketa momentuko egoerara eta ahal den heinean egokitzen joango da".