Agerraldian Erabaki plataformaren jarduna azpimarratu dute udal ordezkariek, eta kontsulta egin ahal izateko aurkeztu ziren 4.000 sinadurak gogoratu dituzte. "Prozesu parte-hartzaileak politikagintza berria dira. Herri hobea egiten lagunduko digute, gainera", azaldu du Julian Rios alkateordeak. Antzerako mezua zabaldu gura izan du Garrastatxuk. "Guk gure hitza betetzen dugu. Urtebete eskas daramagu alkatetzan, eta hauteskunde kanpainan agindutako konpromisoekin bete dugu".
Bestelako eragileekin batu ostean, udal teknikariak arduratuko dira galdeketaren diseinuaz. "Kontsulta legeak arautua eta babestua egongo da, hau da, gauzatu ahal izateko legezko baldintza guztiak beteko ditu", azaldu dute. Epeak ez zehaztu arren, hilabeteetako lana izango dela adierazi dute udal ordezkariek.
EAJren eskaera
Eusko Alderdi Jeltzaleak ere berri ontzat hartu du Espainiako Gobernuaren erantzuna. Hala ere, eskaera zuzena egin gura izan dio EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak osatzen duten udal gobernu taldeari ohar baten bidez. "Berme juridikoak izango dituen galdeketaren prozesua martxan jarri dezala, eta herritarrak uneoro informatu ditzala". Horrez gainera, EAJrentzat trenbidea berreskuratzea "premiazkoa" dela adierazi dute.